Galdakaoko Pentsiodunen Mugimenduak sinadura bilketa egin du Urretako anbulatorioan larrialdi zerbitzua eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan ezartzea eskatzeko. Zenbait kiderekin hitz egin dugu bilketaren nondik norakoak ezagutzeko.
Irailaren 28an 69 urteko gizon bat hil zen Galdakaoko anbulatorioaren ondoan, eta horren aurrean manifestazioa egin zuen Galdakaoko Pentsiodunen Mugimenduak, larrialdi zerbitzu iraunkorra eskatzeko.
Ildo horretan, mugimenduak sinadura bilketa hasi du Urretako anbulatorioan larrialdi zerbitzua «eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan» ezartzea eskatzeko.
Zergatik hasi zenuten sinadura bilketa? Duela denbora luzetik eskatzen ari gara Galdakaoko anbulatorioan eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan larrialdi zerbitzua jartzea, eta gizon hura hil zenean, zerbait gehiago egiteko momentua heldu zela erabaki genuen Galdakaoko Pentsiodunen Mugimendutik. Horregatik manifestazioa egin genuen herritik zehar, eta horren ostean sinadura bilketa martxan jarri genuen.
Etenik ez duen larrialdi zerbitzua eskatzen duzue Galdakaon, baina zerbitzu hori eskaintzen duen Usansoloko ospitalea gertu dagoela diote arduradunek. Gertu? Aurreko egunean izandako heriotzarekin ikusi genuen distantzia hori batzuetan handiegia izan daitekeela. Jende nagusi askok eta beste hainbat herritarrek ez dute Usansoloko ospitalera eta beste herri bateko larrrialdi zerbitzura .azkar joateko aukerarik, eta hemen arratsaldeko ordu batetik aurrera ez da larrialdi zerbitzurik eskaintzen.
Zenbat sinadura dituzue orain arte eta zein kopuru jarri duzue helburutzat? 1.700 sinadura inguru batu ditugu orain arte eta ez dugu helburu zehatzik, ahalik eta gehien batzea baizik. Oso pozik gaude kopuruarekin eta batez ere herritarren babesarekin, konturatu direlako auzokide guztiek behar duten zerbitzu bat aldarrikatzen ari garela, ez bakarrik nagusientzat beharrezkoa dena.
Sinadurak batu eta gero, zein da hurrengo pausoa? Hurrengo pausoa sinadurak Osakidetzara bidaltzea da, gutun batekin batera. Gutun horretan instituzioei azalduko diegu zein den Galdakaoko egoera eta zergatik eskatzen dugun zerbitzu etengabe hau. Pentsio duinekin egiten dugun bezala, borrokatzen jarraituko dugu herri honek kalitatezko osasun publikoa izateko, eta hain beharrezkoa den larrialdi zerbitzuan hobekuntzak lortzeko. Guztion ardura da Galdakao eta galdakoztarrak zaintzea. •




