Gazte LGBTIQ+entzat espazio seguruak sortzeko Europako Safe & Proud Gida aurkeztu dute gaur Bilboko Euskalduna Jauregian. Nazioarteko hiru erakundek elkarlanean sortutako gida da, eta bi galdakoztarrek parte harte dute prozesuan: Josu Grandibalek eta Lorea Martinek.
LGBTIQ+ gazteak seguru, errespetatuak eta babestuak senti daitezkeen inguruneak eraikitzeko helburuz, Kiribil Sareak, Fundación Plan B Educación Socialek eta Mimma Dreamsek Safe & Proud europar proiektua jarri zuten martxan.
Hilabeteetako lanaren ondoren, gaur, azaroak 19, egin dute proiektuaren amaierako topaketa Bilboko Euskalduna Jauregian, eta bertan lankidetzako emaitzak aurkeztu dituzte.
Horien artean, Europako Safe & Proud Gida nabarmentzen da, LGBTIQ+ gazteeentzako espazio seguru bat zer den, nola sortu eta horretarako zer baliabide eta tresna erabil daitezkeen azaltzen duen gida.
Gida nazioarteko hiru elkarteek elkarlanean sortu dute, eta prozesuan Lorea Martin galdakoztarrak eta Usansolon bizi den Josu Grandibal galdakoztarrak —Kiribil Sareko zuzendariak —parte hartu dute.
Erronka berriei hausnartzeko topaketa
Euskadiko testuingururako egokitzapena ere aurkeztu da hitzorduan, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldien arteko Elkartasunaren Zuzendaritzaren finantzaketari esker.
Halaber, Zer egiten du espazio bat benetan seguru izateak gazte LGBTIQ+entzat? izeneko mahai-ingurua egin da. Bertan, Aitzole Araneta aktibista, sexologoa eta berdintasun-teknikaria, Aldarte Euskadiko LGBTIQ+ elkartea, Salamancako Iguales LGBTIQ+ elkartea eta Vicky Gallego influencer eta aktibista izan dira.
Safe & Proud proiektuari amaiera emateaz gain, jardunaldia aukera izan da sare-lana eta europar lankidetza balioesteko, baita oraindik dauden erronkei buruz hausnartzen jarraitzeko ere. Izan ere, «ezinbestekoa da lanean jarraitzea LGBTIQ+ gazteak seguru, errespetatuak eta babestuak senti daitezkeen inguruneak eraikitzeko».




