Galdakaok Andra Mari eliza bisitatzeko aukera eskainiko die herritarrei berriro. Lehen bisita domekan, azaroak 29, izango da eta Aitzol Altuna historialari galdakoztarrak gidatuko du.
Andra Mari elizaren aberastasun historikoa eta artistikoa herritarrei eta bisitariei gerturatzeko helburuz, momumentura bisitak antolatu dituzte berriz elizak eta Galdakaoko Udalak elkarlanean.
Bisitak hilabete bakoitzeko azken domekan eskainiko dira, eta domeka honetan, azaroak 29, izango da lehenengoa 11:00etan.
Lehen saio hori Aitzol Altuna historialari galdakoztarrak gidatuko du, Galdakaoko ondarearen aditua denak, eta gaztelaniaz izango da. Ikasturtean zehar euskarazko bisitak ere eskainiko dira, baina datak zehazteke daude oraindik.
Ordubete inguruko bisitan, parte hartzaileek tenpluaren xehetasun nabarmenenak ezagutu ahal izango dituzte, hala nola bere atari erromaniko-gotikoa, XII. mendeko kanpai dorrearen hondarrak, errenazimentuko erretaula eta Andra Mariren eskultura, Euskal Herrian gaur arte gorde den Ama Birjina erromaniko bakarrenetakoa.
Jarduera irekia eta doakoa izango da herritar guztientzat, ez da aurretik izena eman behar eta ez dago edukiera mugarik.




