Lanzadera Etxebarrira iristea eskatuko du berriz Galdakaok
Metroa
BINKE / 2022ko apirila
Lanzadera Etxebarrira iristea eskatuko du berriz Galdakaok
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Jesús J. Hernández
Galdakaoko Udalaren martxoko osoko bilkurak askorako eman zuen. Gai asko adostu ziren. Baina albiste honetan aspaldiko gai polemiko bati eutsi gura dio Binkek, Metroaren «lanzadera» zerbitzua Etxebarrira joatea eskatzeko mozioa egin baitzuen atxiki gabeko Miguel Ángel Martin zinegotziak, eta udalbatzak onartu.
Otsailaren 21ean Metroa Galdakaora iritsiko zela iragarri zuten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin egindako prentsaurrean, Lehendakaria buru zela. Garraioaren bultzada berri honetan aukera ikusi du Miguel Ángel Martin Galdakaoko Udaleko atxiki gabeko zinegotziak, herria Metroarekin konektatzen duen «lanzadera» Etxebarrira joatea berriz eskatzeko.
Martxoko Galdakaoko Udalaren osoko bilkurak askorako eman zuen: Jon Crespo preso galdakoztarra hirugarren gradura bueltaraztea eskatzeko mozioa, udal-langileen soldata %2 handitzea onartzea, Udalak aurten lehenengoz indarrean jarri duen Kontziliazio Planak Musika Eskolako langileei ere eragitea, udalekuetarako prezio publikoen ordenantza aldatzea, hainbat lizitazio eta kontratuk aurrera egitea, ostalaritzako terrazen instalazioa arautzen duen ordenantza aldatzea onartzea, Ukrainako ekintza militarrak gaitzestea, Berdintasun Arloari dagozkion dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onartzea…
Aipatutako aurreko puntu asko aho batez onartu ziren martxoko osoko bilkura hartan, hau da, alderdi eta zinegotzi guztien aldeko botoekin. Albiste honetan berriz, Galdakaoko udalbatzak martxoko osoko bilkuran onartutako beste mozio bat ekarri gura du Binkek lerroburura: bere garaian polemika handia piztu zuen Galdakao eta Etxebarri arteko «lanzadera» zerbitzua.
Labeako ospitalera bidean Metroak Sarratun, Aperribaien eta Kurtzean geralekuak izango dituela Jaurlaritzak eta Aldundiak otsailaren 21ean ziurtatu ostean —lanak 2022ko urrian hasiko omen—, Juan Bautista Uriarte kale galdakoztarretik Bilboko Boluetara doan «lanzadera» zerbitzua Etxebarrira bueltatzea gura du Galdakaoko udalbatzak. Eta Etxebarriko Metroaren geralekura bitarteko bide hori «bere garaian lanzaderak egiten zituen geldialdi berdinekin egitea» proposatu du Miguel Ángel Martin Auzoak plataformako zinegotzi ohiak —gaur egun atxiki gabea—.
Alderdi bako zinegotziak Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Etxebarriko Udalari Galdakaotik Metrora bitarteko autobus-zerbitzua Etxebarriko geltokira arte joan daitela eskatu gura die. Hori bera mozio bidez eraman zuen Martinek martxoko osoko bilkurara eta udalbatzak babestu egin zuen eskaria, bere aldeko bozkarekin batera: EH Bilduren sei zinegotziek, Auzoakeko hirurek, Usansolo Herriaren biek eta Podemoseko bakarrak ere alde bozkatu zuten. Jeltzaleen sei zinegotziak abstenitu egin ziren eta PSE-EEko biak mozioaren kontra agertu ziren.
Mozioa onartuta beraz, Galdakaoko Udala «pausoak emoten» hasiko dela iragarri dio Binkeri, pauso horiek hedabide honi zeintzuk izango diren oraindik zehaztu ez bazaizkio ere, «ez dago geldi».
Etxebarriko Udalaren iritzia jakiteko harremanetan jarri da udal honekin Binke, baina momentuz ez dute Galdakaoko udalbatzaren mozio horren gaineko baloraziorik egin. Izan bezain laster emango du hedabide honek horren berri.