Ligako txapelduna da Orioak saskibaloi talde galdakoztarra
Kirola
BINKE / 2022ko apirila
Ligako txapelduna da Orioak saskibaloi talde galdakoztarra
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Orioak Saskibaloi Taldea
Bigarren urtez segidan, ligako txapeldun izan da Orioak Saskibaloi Taldea. Bi urteko ibilbidea duen talde galdakoztarrak beste behin eskuratu du lehen postua, ez dute ordea maila igoera lortu oraindik. Honen inguruko zehaztapen gehiago biltzeko haiekin hitz egin du Binkek.
Joan den apirilaren 10ean Construmendez Ugeraga Sopelaren aurka izandako norgehiagoka irabazita izendatu zen ligako txapeldun Orioak Saskibaloi Taldea. Ia berrogei puntuko aldearekin garaitu zuten galdakoztarrek arerioa, eta honi esker Bigarren Senior Berezi liga irabazi. Liga bukatzeko partida bat faltan irabazi zuten gainera hau, oraindik jokatzear duten azkena jokatu gabe. Datuak erreparatuz gero, biribila izan da iazkoaren antzera aurtengo denboraldia, beste talde guztien gainetik erraz nagusitu baita talde morea. Soilik partida bakarra galdu dute urte osoan zehar, eta honen aldean, beste denak, 24, irabazi.
Halabaina, ez da lehen aldia duela bi urte sortu zen taldea ligaren bat irabazten duena, duela urtebete ere lortu baitzuten oraintsu eskuratutako saria, maila bat azpitik zela. Azken partidari dagokionez, hainbat daturen artean, nabarmentzekoa izan zen Ibon Lopez de Letonak egindako partida, 31 puntu eskuratu baitzituen guztira berak soilik, eta zortzi «hiruko» saskiratu.
Hala ere, liga irabazteak kasu honetan ez du ekarri mailaren igoera, oraindik bada ere. Bada, lehen lau sailkatuek «Final Four» antzeko bat jokatuko dute. Hots, lauren artean lehiatu eta soilik batek lortuko du mailaz igotzeko txartela, eta ez denek. Maiatzaren lehen asteburuan jokatuko dute hau, etxean. Galdakaoko Urreta kiroldegian arituko dira, besteak beste, Erandio SBT, Urbegi Balmaseda eta Erandio Altzaga taldeekin lehian. Taldeko kide den Gorka Egileorren esanetan, «ederra litzateke asteburu horretan zehar kiroldegia jendez lepo ikustea, taldeak behar duen azken bultzada denon artean egiteko».
Erronka makala dute, beraz, duela hiru urteren biran Ibaizabal Saskibaloi Taldea utzi eta haien talde propioa osatzea erabaki zuten neska-mutilek.