Bidegorriaren aldeko zazpigarren martxa zapatu honetan izango da
Mugikortasuna
BINKE / 2022ko apirila
Bidegorriaren aldeko zazpigarren martxa zapatu honetan izango da
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Biziz bizi taldea
Zazpigarren martxa antolatuko dute zapatu honetan, apirilaren 30ean, Biziz Bizi taldekoek Bilbotik Galdakaora hiriaren eta herriaren arteko bide seguru bat exijitzeko.
Agindutakoa betetzea» eskatuko dute zazpigarrenez Biziz Bizi taldekoek zapatu honetan, apirilaren 30ean, Bilbotik Galdakaora beste martxa bat antolatuz. Bidegorri baten plana 2003tik dagoela salatzen dute antolatzaileek eta hilero azken zapatuan elkartzen dira «19 urteren ostean egin ez dena exijitzeko».
«Udalerrien arteko bide seguru bat» beharrezkoa dela iragartzen duen ekimenak hilabete honetan ere 25 kilometroko ibilbidea izango du. 11:00etan elkartuko dira Aldundiaren parean, Gran Via 25 zenbakian, Galdakaora arte etorriko dira eta 14:00 aldera amaituko dute Bilbon berriro ere.
Urte honetako ibilbide berria mantenduko dute oraingoan ere: Bilbon hasiko dira, Basauritik igaroko dira, gero Etxebarri pasatuko dute eta 12:30 aldera Galdakaoko Kurtzeko plazara helduko dira. Ondoren, bide berdinetik Bilborako bidea hartuko dute berriro herritik hiriburura bueltatzeko eta 14:00eta heltzeko.