Pilotakadaz Pilotakada jaialdia ospatuko dute maiatzaren 21ean
Kirola
BINKE / 2022ko maiatza
Pilotakadaz Pilotakada jaialdia ospatuko dute maiatzaren 21ean
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Antolatzaileen sareetatik
Bi urteko etenaldia eta gero, bueltan da «Pilotakadaz Pilotakada». Aurreko urteen antzera egitarau zabala prestatu dute edizio berri honetarako antolatzaileek. Honen inguruko hainbat datu biltzeaz gain, antolatzaileekin izan da Binke, jaialdiaren nondik eta norakoen berri jakiteko.
Presoen eskubideen eta etxeratzeen alde lanean ari diren hainbat galdakoztarrek antolaturiko ekimena da «Pilotakadaz Pilotakada», eta egitarau oparoa prestatu dute aurtengo ediziorako bertan lanean diharduten antolatzaileek.
Pandemiaren eraginpean bi urteko etenaldia izan eta gero, berriz ere antolatu dute aurten egitasmoa. Duela zortzi urte, 2014an, ospatu zen lehenbizi «Pilotakadaz Pilotakada», Euskal Herri maila osoko eskualde desberdinetan. Hego Uribeko eskualdea izan zen ordea handik eta urte batera egitaraua mantentzea erabaki zuen eskualde bakarrenetako bat, eta urterik urte ospatu dute jaialdia geroztik. Seigarren edizioa da aurtengoa, eta aurreko urteetan egin antzera ekintza desberdinez hornituriko egitarau luzea prestatu dute hilaren hirugarren larunbaterako.
Izenak dion bezala pilota partidek dute berebiziko indarra jaialdiaren baitan, baina badaude hauetatik at beste hamaika egite. Egitarauari hasiera emango diote hauek, goizeko 09:00etan hasiz. Kurtzeko Frontoian izango dira eta edonork eman dezake izena bertan.
Pilota partiden ostean ekitaldia izango da Kurtzeko plazako karpan, 13:30ak aldera, eta behin hau bukatuta «bazkari herrikoia» antolatu dute karpan bertan. Bazkarian izena emateko lau puntu desberdinetara jo daiteke: Galdakaoko Herriko Bentara, Basauriko ilargi tabernara, Ugaoko Herriko tabernara edo 670 65 46 82 zenbakira deituz.
Arratsalderako, berriz, bertso saioa antolatu dute. Arkaitz Estiballez galdakoztarra eta Arrigorriagako Zipi arituko dira oholtzean, eta ondoren, «karrito poteo musikatua» izango da 18:00ak aldera herria girotzen. Kontzertuek emango diote egunari amaiera, Herriko Bentan. Kaserna talde galdakoztarra, Igorreko Galazota eta DJ Zezen arituko dira taula gainean.
Antolatzaileek, herrikide guztiei deia luzaraztearekin batera, argi adierazi dute «ez dela nahitaezkoa pilota partidetara joatea egitarauan parte hartzeko». Beste era batera esanda, jaialdira eguneko edozein ordutan hurbil eta parte hartu daitekela nabarmendu diote Binkeri.