Galdakaoko Bono Dendak maiatzaren 23an jarriko dira salgai
Merkataritza
BINKE / 2022ko maiatza
Galdakaoko Bono Dendak maiatzaren 23an jarriko dira salgai
TESTUA: Erredakzioa
IRUDIA: Galdakaoko Udala
Hamar euro ordaindu baina 15 euroko balioa izango duten bonuak maiatzaren 23an jarriko dira salgai, eta tokiko merkataritzan guztira 150.000€ jarriko ditu zirkulazioan. Hemen batu ditu Binkek txartelak erosteko baldintzak, ordutegiak eta saltokien zerrenda.
Tokiko merkataritza sustatzea helburu duen aspaldiko ekimena bueltan da Galdakaora eta Usansolora: maiatzaren 23an Bono Dendak jarriko dira salgai, 10€tan txartela erosi eta 15€tan inbertitzeko.
Galdakaoko Udalak Dendari Elkartearekin lankidetzan antolatutako kanpaina honek «gure udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorean erosketa sustatzea» du helburu, antolatzaileen esanetan. Horretarako, 10.000 bonu kaleratuko dira 10 euroko prezioan, baina 15 euroko balioa izango dute kanpainarekin bat egiten duten saltokietan. «Beraz, kanpaina honek 150.000€ jarriko dauz zirkulazioan tokiko merkataritza sarean», azaldu du Udalak, eta gaineratu: «Bonuak maiatzaren 23an jarriko dira salgai, agortu arte, eta gehienez ekainaren 30era arte».
Galdakaon Dendari Elkartearen bulegoetan salduko dira, Muguru plazan:
- Astelehen, eguazten, eguen eta barikuetan, 9:00etatik 14:00etara.
- Martitzenetan, 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.
Usansolon berriz Oletxe kaleko 19an salduko dira:
- Eguenetan, 16:00etatik 18:00etara.
Kanpaina uda osoan zehar luzatuko da. Gehienez lau bonu erosi ahal izango dira pertsona bakoitzeko, eta txartelarekin baino ezingo dira ordaindu.
Hauek dira erabilera-baldintzak:
- Bonu bakoitza aldi bakarrean erabili beharko da, eta soilik kanpainari atxikitako saltokietan.
- Erosketaren zenbatekoa bonuaren balioa baino txikiagoa bada, ez da dirurik itzuliko.
- Bonuak ezin dira eskudirutan trukatu.
- Produktua itzultzen bada, erosketaren zenbateko osoko txartela jaulki beharko du establezimenduak, eta ezin izango da eskudirua itzuli.
- Bonuak bateragarriak dira.
Laster jarriko ditu Binkek kanpainara atxikitako saltokien zerrenda.