Alkatearen eta 13 zinegotziren curriculumak publiko egin ditu Galdakaoko Udalak
Gardentasuna
BINKE / 2022ko maiatza
Alkatearen eta 13 zinegotziren curriculumak publiko egin ditu Galdakaoko Udalak
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko udalbatza osatzen duten politikari guztiei, gobernu taldean egon edo ez egon, euren curriculumak publiko egitera gonbidatu ditu Udalak: 21 kidetik 14k onartu dute proposamena eta dagoeneko publiko dira curriculum horiek. Hemen batu ditu Binkek «gardentasun ariketa» onartu duten guztien curriculumak.
Galdakaoko Udalak bere hautetsi politiko guztiei norberaren curriculuma publiko egitera gonbitea egin die. Udal Gobernuko zein oposizioko kideak kontutan, guztira 21 pertsonek osatzen dute udalbatza. Horietatik hamalauk onartu dute euren curriculuma publiko egitea.
Curriculum horretan, hautetsiaren izen-abizen eta argazkiarekin batera, ondoko datuak emateko aukera izan du bakoitzak —guztiek ez dituzte datu guztiak eman—: adina, kargua, alderdia, ikasketak, ibilbide profesionala, hizkuntzak eta Udaleko karguan ordaindutako dedikazioa eta kopurua.
Udalak «gardentasunerako bidean beste pauso bat» dela esan duen ariketa honetan Iñigo Hernando alkateak berak ere onartu du bere curriculuma erakustea, eta berarekin batera zinegotzi hauek egin dute: Maite Arandia, Nerea Orozko, Asier Egiraun, Edurne Espilla eta Amets Iturbe EH Bilduren ordezkariek, Maripaz Losada, Olaia Parra eta Javier Ibarretxe Auzoak-ekoek, Agustin Aizpuru eta Iñaki Urgoiti Usansolo Herria taldekoek, eta Jose Luis Bernal Podemosekoak. Udal gobernua osatzen dute horiek guztiek. Oposizioan daudenen artetik, PSE-EEko Txema Larrazabalek eta Victor Trimiñok jarri dute ikusgai bere curriculuma.
Udal Gobernuaren esanez, zerrenda honetan ez dauden «gainontzekoek ez dituzte bere datuak helarazi nahi izan». Horiek dira EAJko kide guztiak eta atxiki gabeko Miguel Ángel Martin zinegotzia.