Laina mendia argiztatzeko jakin beharrekoak azaldu zituen Gure Eskuk Galdakaon
Erabakitzeko eskubidea
BINKE / 2022ko maiatza
Laina mendia argiztatzeko jakin beharrekoak azaldu zituen Gure Eskuk Galdakaon
TESTUA ETA ARGAZKIA: Binke
Katalanek eta euskal herritarrek elkarrekin argiztatuko dituzte Pirinoetako gailurrak uztailaren 2an. Galdakaori eta Usansolori Bidarraiko Laina mendia argiztatzea egokitu zaie, eta data horretara bidean zein egunean bertan egingo direnak azaldu ditu Gure Eskuk jendaurrean.
Katalan eta euskal herritarrek elkarrekin egindako ekimena da Pirinioetako Bidea, Binkek aurretik horren berri bi aldiz eman duen bezala. Uztailaren 2an mendikate ezaguneko gailurrak argiztatu egingo dira herrialde bateko eta besteko herritarrekin, «erabakitzeko eskubidearen aldarria nazioartean ezagutzera emateko asmoz».
Galdakoztarrei eta usansolotarrei Bidarraiko Laina mendiaren muturra argiz betetzea dagokie Basauriko, Zaratamoko eta Etxebarriko bizilagunekin batera. Eta eguen honetan ekimen honen hurrengo pausoak azaldu ditu Galdakaoko Gure Eskuren batzordeak Gandasegi ikastetxean.
Uztailaren 2ko hitzordua berotzen joateko, ekainaren 5ean Txorierriko lagunekin eta Ganguren Mendi Taldekoekin batera Ganguren mendira igoera antolatu du Gure Eskuk. Goian argazkia atera eta ostean, Elorritxuetan, mokadutxoa aterako dute antolatzaileek. Goizeko 09:30ean izango da, Kurtzeko frontoitik. Buelta 13:30 aldera egitea aurreikusten du antolakuntzak.
Laina mendiaren igoera berriz, esan bezala, uztailaren 2an egingo da, eta guzti hori zelan antolatuko duten azaldu zuten aurkezpenean. Laina Behe Nafarroako Bidarrai herrian kokatuta dago, 869 metroko altuera du eta parte hartzeko aukera bi egongo dira: webgunearen bitartez eta Gure Eskuk Galdakaon ireki duen lokalaren bitartez.
Webgunearen bitartez egin gura duenak, izenaeman.gureesku.eus webgunean egin dezake. Bertan Galdakao markatu behar da, eta behin sistemak automatikoki Laina mendia adierazi, norberaren datuak sartu behar dira. Behin hori eginda, parte-hartzailea federatuta dagoen edo ez markatu behar da —derrigorrezkoa izango da asegurua—. Federatuek 5€ ordaindu beharko dituzte eta federatuta ez daudenek 10€ —erdia antolakuntzara bideratuko da eta beste erdia asegurua ordaintzera—.
Bertara bidaia Galdakaotik autobusez egiteko aukera eskainiko du Gure Eskuk. Horretarako Kurtzea frontoiko lokaletik pasa behar da. Plana hauxe da: 16:00etan Galdakaoko udaletxe pareko autobus geltokitik irtengo dira, Luhuso herrian ordu erdiko geldialdia egin, mokadutxoa jan eta Baigurako kirol zentrora joango dira parte-hartzaileak 19:00 aldera.
Ordu erdi beranduago, 19:30ean, pista baten bitartez —baina kotxez ezin daiteke sartu— Laina mendiaren igoerari hasiera emango zaio. Aldapa gutxiko mendia da Laina, eta zentzu horretan lasaitasuna adierazi zuten Gure Eskuko kideek. Gaueko 22:15ean Pirinioak argiztatzeari ekingo zaio. Horretarako denak argi-frontalekin joatea gomendatzen dute. Gainera, tarte horretan Txoria Txori abestia kantatuko da denen artean.
Parte hartzeko «gauza handirik ez» dela behar adierazi zuten aurkezpenean: mendiko arropa, motxila, edatekoa, jatekoa eta argi-frontala. Guztira gehienez bi orduko igoera izango dela kalkulatzen dute antolatzaileek.
Herrira itzulera gauerdian egingo da, 00:15 aldera, aurretik mendia jaitsi eta zerbait afalduko delarik.
Igoeraren ibilbidea eta puntuz-puntuko oharrak apirilaren 19an argitaratu zituen Binkek ondoko albistean.
Albiste honekin lotuta…