Ginkana solidarioa antolatu du Txirrindulari Elkarteak Mozoilo Egunean
Kirola
BINKE / 2022ko maiatza
Ginkana solidarioa antolatu du Txirrindulari Elkarteak Mozoilo Egunean
TESTUA ETA ARGAZKIA: Binke
GBGEren aldeko ginkana solidarioa antolatu du, Mozoilo Egunaren baitan, Galdakaoko Txirrindulari Elkarteak. Guztira 120 gaztetxo arituko dira ekainaren 4 arratsaldean Ardanza parkean gora eta behera, horretarako prestatutako zirkuitu batean.
Bigarren urtez antolatuko du Galdakaoko Txirrindulari Elkarteak gaztetxoentzako ginkana solidarioa Galdakaon. Aurtengo edizioa gainera, Mozoilo Eguneko egitarauaren baitan egingo du, ekainaren 4an, eta iazko markak haustea da erronkaren helburua.
Bizikletaren zale gaztetxoenek, 6 eta 14 urte bitartekoek, Ardanza parkean «inoiz ez bezala ibiltzeko» aukera izango dute ekaineko lehenengo zapatuan. Horrela azaldu zuen maiatzaren 27an Galdakaoko udaletxean egindako aurkezpenean Igor Anton txirrindulari profesional ohiak eta ekimen honen bultzatzaile nagusiak.
Aurten gainera, 30 gazte gehiagok hartu ahal izango du parte, 120 guztia. Ginkana eta erronka deitu dioten proba honetan txirrindulariek Ardanza parke galdakoztarrean gora, behera, ezer eta eskuin egin beharko dute bidean zenbait oztopo gaindituz.
Ekimena 17:00etan hasiko da, baina aurretik puzgarriak ere izango dira goiz osoz —Mozoilo Egunaren beste ekintza baten pare—. Etxeko gaztetxoenak txirrinduaren gainean 19:30 arte egongo dira, eta orduan ondo antolatu beharko dute, 19:45 aldera herrian zehar martxa txiki bat egingo dutelako udaltzainen laguntzaz, 20:30 aldera Bizkaiko lau puntu kardinalak lotzen arituko diren 25 txirrindulariak Galdakaon hartzeko —iaz egin zenaren antzera—. Txirrindulari hauek, gazteak ginkana solidarioa egiten ari diren bitartean, eurek erronka solidarioa egiten ibiliko dira.
Hogeita bost txirrindulari horiek, Igor Anton bera tarteko, goizaldeko hiruretan irtengo dira Santi Brouard enparantzatik 351 kilometro egun bakarrean egiteko: guztira 17 ordu eta erdi beharko dituzte, eta horietatik 14,5 bizikletaren gainean egingo dituzte lau puntu kardinalak lotuz. Lau puntu horiek dira Ondarroa, Matxikakoko lurmuturra, Orduña, Lanestosa eta Galdakao.
Egun osoz 25 txirrindulari horiek Bizkaian zehar dabiltzan bitartean beraz, arratsalde horretan bertan, herriko gazteek aukera izango dute Ardanza parkean bizikletaren gainean gozatzeko. Erronka solidarioaren berri ere izango dute ginkanan dabiltzanek eta mokadutxoa ere emango diote antolakuntzakoek, Javier Delgado antolatzaileetako batek azaldu duen bezala.
Ginkanan parte hartzeko 6 eta 14 urte bitartean izan behar dira, dorsala 10€ ordaindu behar da eta batuta diru guztia Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteari (GBGE) bideratuko zaio. Egunaren amaieran emango zaio zuzenean txekea GBGEri, behin erronkaren kirolariak Galdakaora iritsi direla.
Izena emateko:
· Martitzenetan, 19:00-20:00 bitarte, Galdakao Txirrindulari Elkartearen egoitzan —Santi Brouard plazan—.
· 43kutin@gmail.com helbidera idatzita.
· 677765248 telefonora deituta.
Binkek aurkezpenean ateratako argazkian ageri dira, ezkerretik eskuinera: Igor Anton —Galdakao Txirrindulari Elkartearen izenean—, Estepan Goioaga —Galdakaoko Udalaren izenean—, Javier Delgado —ginkanaren antolakuntzaren izenean—, Miren Hernando —Mozoilo Egunaren izenean—, Ainhoa Crespo —GBGEren izenean— eta Gilen Aldazabal —Mozoilo Egunaren izenean—.