Baratzea balkoietan jartzeko ikastaroa eskainiko du Udalak
Ekologismoa
BINKE / 2022ko ekaina
Baratzea balkoietan jartzeko ikastaroa eskainiko du Udalak
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Esturirafi
Etxeko balkoietan ortu ekologikoak landatzeko bi ikastaro eskainiko ditu Galdakaoko Udalak ekainean, bat euskaraz eta beste bat gaztelaniaz. Hemen batu du Binkek izena emateko interesa dutenentzako informazio guztia!
Galdakaoko Udalak, etxeko balkoietan ortu ekologikoak egiteko ikastaroak eskainiko ditu ekainean —bat euskaraz eta beste bat gaztelaniaz—, Ingurumen eta Garapen Iraunkorreko Arloaren bitartez.
«Aurreko urteetako ibilbideari segida emanez», autokontsumoa bultzatzea helburu duen ikastaroa antolatzea erabaki du Udalak. Oraingoan, barazkigintza ekologikoa sustatzeko, lehen urratsak irakatsiko dituzte, kasu honetan, balkoietan egiteko.
Ikastaro honek bakoitzak etxean produktu kimikorik gabeko barazkiak landatzeko aukera ematen du, eta ondorioz, garaian garaiko eta zero kilometroko produktuak kontsumitzeko aukera.
Izena emateko epea astelehenean zabaldu zuten eta domekara arte, ekainaren 5era arte, egongo da zabalik. 16 urtetik gorakoek eman dezakete izena doako kurtso honetan, eta gehienez 15 pertsonako edukiera izango dute —inskripzio-hurrenkeraren arabera emango dira eta udalerrian erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute—.
Datorren barikuan hasiko dira ikastaroak, eta hauxe da jakin beharreko informazioa:
Gaztelaniaz:
Eguna: Ekainak 10, barikua
Ordutegia: 17:00-20:00
Tokia: Udaletxea (Osoko Bilkuren Aretoa)
Izen ematea: Udalaren webgunean edo Esan bulegoan, maiatzaren 30etik ekainaren 5era
Euskaraz:
Eguna: Ekainak 24, barikua
Ordutegia: 17:00-20:00
Tokia: Udaletxea (Osoko Bilkuren Aretoa)
Izen ematea: Udalaren webgunean edo Esan bulegoan, maiatzaren 30etik ekainaren 5era.