Emakume eta umeen komunitate bazkaria antolatu dute Aperribaien
Elkarlaguntza
BINKE / 2022ko maiatza
Emakume eta umeen komunitate bazkaria antolatu dute Aperribaien
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Jabi Rojo
Aperribaiko emakume arabiarrek bazkaria antolatu dute zapatu honetarako, auzoko Laguntza Sarearen bidez jasotzen duten laguntza eskertzeko eta auzo integralagoa eraikitzeko. Bazkaria bereziki emakumeei eta hauen haurrei dago eskainita.
«Komunitatetik eta komunitatearentzat laguntza sustatzea» helburu, Aperribaiko Laguntza Sareak komunitate bazkaria antolatu du ekainaren 4rako, zapatuz. «Laguntza sareak ehuntzea» ere bada ekimen honen beste helburuetariko bat, «elkartzeko guneak sortuz eta auzoko dinamika parte-hartzaile eta inklusiboak ahalbidetuz», sareko kideek Binkeri kontatu diotenez.
Bazkaria Eperlandako eskola zaharretan antolatuko da, emakume eta adinez txikiko haurrentzako prestatuko da. Norberak etxetik partekatzeko bazkaria eramatera gonbidatzen bada ere, Hanal menua izango da bazkariko protagonista, auzoko emakume arabiarrek abian jarritako ekimena baita ekainaren 4ko bazkari hau.
Horretarako, «saretik denbora honetan jasotako laguntza eskertzeko» egingo duten bazkari honetan, Halal haragia eta arroza prestatuko dute emakume antolatzaileek. Gainera, kultura gastronomiko anitza partekatzeko espazio bat izatea ere gura dute.
Helburu gastronomikoetatik harago, «talde honi ahotsa emateko, ezagutza eta kultura partekatzeko eta guztientzako ingurune seguru eta askea ahalbidetzeko elkargune bat sortu nahi duen deialdia» da hauxe, Aperribaiko Laguntza Sarearen hitzetan, «auzo integralagoa eraikitzeko» ari baitira lanean.