Umore Ona futbol taldearen lehenengo titulua irabazi zuten kideak berriz batu ziren
Kirola
BINKE / 2022ko ekaina
Umore Ona futbol taldearen lehenengo titulua irabazi zuten kideak berriz batu ziren
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIAK: Kideek bidalitakoa
Usansoloko Umore Ona futbol taldearen lehenengo titulua irabazi zuten orduko futbolariak berriro elkartu ziren ekainaren 4an. Horren berri jaso du Binkek, garai hartako argazkiak barne.
Elexalde sagardotegian bazkaria egin zuten zapatuan, ekainaren 4an, 19 lagunek. Guztiak Umore Ona futbol taldeko jokalari izandakoak ziren, eta ez edozelango jokalariak gainera: eurek izan baitziren 1997/98 denboraldian klub usansolotarraren lehenengo titulua irabazi zutenak.
Igoera bi lortu zituen Usansoloko taldeak denboraldi hartan: gazteen kategorian eta kadeteen kategorian. Argazkian ageri direnak gazteen ligakoak izan ziren. Orduan klubak 18 urte bete zituen, eta lehenengo titulua ekarri zuten Usansolora argazkian ageri direnek. Garai hartako taldeko kideak ziren hauek: Joseba Andoni Compes, Javi Gonzalez, Jokin Urraza, Eneko Arrotegi, Sergio Nevado, Gorka Arana, Jurgi Ganboa, Asier Corrales, Jose Luis Peral, Jokin Olabarrieta, Gorka Beitia, Mikel Alonso, Ander Chamizo, Aitor Maure, Aritz Azkue, Iñigo Larizgoitia, Gaizka Urrutikoetxea, Iker Ocho, Omer Amarika eta Roger Martinez. Entrenatzaile Txarli Garcia ibiltzen zen eta delegatu lanetan Manuel Fuentes.
Denboraldi hartan 75 puntu lortu zituen Umore Onak, eta kategoria igoera eskuratu zuen Orduña eta Iturrigorri taldeen aurretik kokatuta. Garai hartako prentsak lerroburuetara ekarri zituen neurri honetako esaldiak: «Umore Ona Bizkaiko talderik goleatzaileena da, eta gol gutxien jaso dituena»; «Umore Onak bere 18 urteko historiako denboraldirik onena itxi du»…
Historia egin zuen talde honek lehenengoz, eta horixe ospatzeko elkartu ziren ekainaren 4an orduko zenbait jokalari, gehienak usansolotarrak eta galdakoztarrak, eta guztiak 1979 eta 1981 urteetan jaiotakoak.