Santakurtzetako kartel lehiaketan parte hartzeko zortzi baldintza daude
Jaiak
BINKE / 2022ko ekaina
Santakurtzetako kartel lehiaketan parte hartzeko zortzi baldintza daude
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Julio Legarretaetxebarria
Irailaren 9tik 18ra bitarte antolatuko dira aurtengo Santakurtz jaiak, eta jai galdakoztarrak iragartzeko kartel lehiaketa abian jarri du Udalak uztailaren 5era bitarte. Ordea, zortzi baldintza bete behar dituzte parte-hartzaileek. Zeintzuk dira?
Aurtengo Santakurtzak iragartzeko erabiliko den kartela hautatzeko prozesua ekainaren 7an hasi zela iragarri zuen Galdakaoko Udalak, eta interesa duen edonori parte hartzera gonbitea luzatu uztailaren 5era bitarte.
Lehiaketak bi modalitate izango ditu edizio berri honetan: haur-gazteen modalitatea —2005 eta 2014 urteen artean jaiotakoak— eta helduen modalitatea —2005eko urtarrilaren 1a baino lehen jaiotakoak—.
Hori bai, «aurkeztutako lanek aurretiaz argitaratu gabeak» izan behar direla jakinarazi du Udalak, eta beste jakin beharreko hauek aipatu ere:
- Kartelek 50x70ko neurria izan behar dute.
- Euskarri zurrunaren gainean muntatuta egon beharko dute.
- Kolorea eta teknika librea izango da.
- Nahitaez «GALDAKAOKO SANTAKURTZAK 2022. Irailak 9-18» leloa eraman beharko dute.
- Lanek ezingo dute diskriminatzaileak izan sexu arrazoiengatik. Hori dela eta, testuetan lengoaiaren erabilera ez sexista egin beharko dute eta irudietan bi sexuen presentzia orekatua bermatua egongo da. Era berean, lanetan inoiz ez dira onartuko, emakumeak objektu sexual baliran aurkezten dituzten irudiak, emakumeak gutxiesten dituztenak, edo horien aurkako indarkeria justifikatu edo sustatzen dutenak.
- Pertsona bakoitzak gehienez ere bi lan aurkeztu ahalko ditu Torrezabal Kultur Etxeko Kultura, Gazteria eta Kirol Sailean 9:00etatik 14:00etara, uztailaren 5era arte.
- Lanak leloa idatzita eta izenperik gabe aurkeztuko dira, eta kartelekin batera, gutun azal itxi baten kanpoaldean, lelo berbera eta egilearen adina.
- Gutun azalaren barruan jasoko dira egilearen datu pertsonalak —egilearen izena, helbidea eta telefonoa— eta NANaren fotokopia, edo hamalau urtetik beherakoa balitz, bere nortasuna eta jaiotze-data egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu publiko edo ofizial.
Puntu hauek kontutan izanda, kartel irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du helduen kategorian, bigarrenak 400€ eta beste horrenbeste udalerriko lehenengo sailkatuak. Haur-gazteen kategorian berriz, udalerriko denda batean gastatzeko 100 euroko bonoa izango dute ondorengo adin tarteko irabazleek: 2012 eta 2014 urteen artean jaiotakoak, 2008 eta 2011 artean jaiotakoak eta 2005 eta 2007 artean jaiotakoak.
Saridunak bost kidez osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu eta azken erabakia uztailaren 15a baino lehen hartuko da. Horretarako lanak gehienez uztailaren 5ean entregatu beharko dira aipatutako tokian.