Larrabetzuarrek protesta egin zuten Galdakaoko anbulatorioan, mediku falta salatzeko
Osasungintza
BINKE / 2022ko ekaina
Larrabetzuarrek protesta egin zuten Galdakaoko anbulatorioan, mediku falta salatzeko
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Binkera bidalitakoa
Martitzen eguerdian dozenaka larrabetzuar Galdakaoko anbulatorioaren sarreran batu ziren, «Larrabetzun berriro mediku barik» daudela salatzeko.
Martitzenean, ekainak 28 zituela, Larrabetzuko zenbait bizilagun Galdakaoko anbulatorioaren sarreran batu ziren «Larrabetzun berriro mediku barik» lemapean, horixe bera salatzeko.
Larrabetzun, eta ez omen da lehenengo aldia —protestako kideek Binkeri helarazi diotenagatik—, gaixotasunak artatzeko Osakidetzako lehen arretako kontsultategian zerbitzu medikurik ez dutela. Oraingo honetan, ekainaren 20tik uztailaren 6ra bitarte ez dute medikurik izango.
Horregatik, Galdakaoko anbulatorio nagusiaren sarreran egin zuten elkarretaratzean, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren berbak ekarri zituzten larrabetzuarrek gogora, «lehen arretako zerbitzua handitu, indartu eta berritu egingo dutela» esaten duenean Sagardui «gezurretan» ari dela aldarrikatzeko.
Guzti hori «propaganda hutsa» dela eta bere «benetako planarekin» aurrera jarraitzen duela salatu zuten Larrabetzuko dozenaka herritarrek Galdakaon: «Prekarizazioa, murrizketak eta pribatizazioa dira egiten dizkiguten planak». Baina hau, larrabetzuarren berbetan, «ez da berria» eurentzat, «orain arte ere mediku zerbitzu barik egotea jasan behar» izan dutelako.