Metroa Galdakaora eta Usansolora ekartzeko lanak «laster» lizitatuko dira
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Eusko Jaurlaritza, 2022ko otsaileko artxibotik
Gaur ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak Metroa Galdakaora 2027an eta Usansoloko Ospitalera 2029an iristeko lanak laster lizitatuko dituela. Beraz, dena ondo bidean, obrak 2023ko udaberrian hasi beharko lirateke.
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailburuak iraileko azkenaurreko astean aurreratu zuen informazioa Encuentros SER Euskadi jardunaldietan: «Bizkaian Metroaren 4. eta 5. lineen garapenean murgilduta gaude. Laugarren lineari dagokionez, urtea amaitu baino lehen Amezola eta Abando arteko zatiaren eraikuntza-proiektuaren idazketa lizitatuko dugu. Eta bosgarren linean, aurreratu nahi dizuet datorren asteartean Gobernu Kontseiluak argi berdea emango diola obrak laster lizitatzeko aukera emango digun hitzarmenari».
Martitzena iritsi da eta gaur, irailak 27 dituela, baieztatu dute berria bai erakunde arduradunek zein Galdakaoko Udalak ere: «Lanak lizitatzeko prozesuari bide emateko hitzarmena sinatzear dira Eusko Trenbide Sarea, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia». Horrela ba, Udalak pozez hartu du berria eta adierazi «Aperribaitik, Bengoetxetik eta Galdakao erdigunetik igarota Usansoloko Ospitaleraino iritsiko den Metroaren 5. linea egiteko proiektuaren prozedurak beste urrats bat egin dela».
Lanak lizitatu eta beraz, horrek esan gura du obrak zein enpresak egingo dituen urte honen amaieran esleituko dela eta —dena ondo bidean— eraikitze lanak 2023ko udaberrian hasiko direla, Iñigo Urkullu lehendakariak, Iñaki Arriola sailburuak eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aurtengo otsailean prentsaurrean iragarri zuten bezala.
Iragarpenen arabera, 2027an iritsiko da Metroa Galdakaora eta 2029an Usansoloko Ospitalera, eta bide horretan dagokion pausoa eman da gaur: lanak nork egingo dituen erabakitzeko lizitazio prozesuari bide eman zaio. Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak berretsi du Metroaren 5. linea hau egiteko 360 milioi euro bideratuko direla eta diru hori erdibana jarriko dutela Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, 2029ra bitartean. Orduan aurreikusten da amaituko direla lan guztiak.
Udalak egindako argibideen arabera, «linea berriarekin 6,3 kilometro luzatuko da Metroa», eta faseka egingo dira lanak:
- Sarratu-Aperribai: 1.540 metroko luzera eta 88,2 milioi euroko kostua izango du.
- Aperribai-Galdakao erdigunea: 2.800 metroko luzera izango du eta 91,3 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da. Bengoetxen geralekua izango du, eta Lehendakari Agirre plazan izango du helmuga. Lehen bi faseak 2027an amaitzea espero da.
- Galdakao erdigunea-Usansoloko Ospitalea: 1.930 metroko luzera eta 57,3 milioi euroko kostua izango du. 2029 hasierarako martxan espero da. Ospitaleko geltokian, Durangaldea eta Busturialdeara Eusko Trenek dituen trenekin lotuko da.