Click&Click elkarteak «Galdakaoko begiradak» batu gura ditu argazkilaritza lehiaketa berrian
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Andre Furtado
Sariak ekarriko dituen argazkilaritza lehiaketa berria jarri du martxan Click&Click elkarte galdakoztarrak, urriaren 21era bitarte eta «Galdakaoko begiradak» gai nagusi hartuta. Hemen batu ditu Binkek lehiaketan parte hartzeko bete beharreko baldintza guztiak.
Argazkilaritza lehiaketa berria jarri du abian Click&Click elkarte galdakoztarrak. Edizio berri honetako gaia «Galdakaoko begiradak» da, eta horri lotuta iradokitako argazkiak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara. Hala diote antolatzaileek: «Galdakaoko edozein alderdi, eszena, txoko, eraikin eta abar islatzen dituzten argazkiak izan daitezke, eta edozein adineko pertsonek har dezakete parte».
Lehiaketara aurkezteko epea urriaren 21era arte egongo da zabalik, eta parte hartu gura duenak maratonsk3@gmail.com helbidera bere izen-abizenak eta telefono zenbakia bidaltzea baino ez dauka.
Parte hartzeko oinarriak azaldu dituzte Click&Click elkartekoek zehatz: «Parte-hartzaile bakoitzak hiru argazki original eta argitaratu gabekoak aurkeztu ahal izango ditu, beste lehiaketa batean aurkeztu gabe, koloretan zein zuri-beltzean. Parte-hartzaileak egileak izateaz, hirugarrenei eskubiderik ez izateaz eta lehiaketara aurkeztutako obren gaineko irudi-eskubideen erreklamazio guztiez arduratzen dira. Ezin da adingabe ezagunen irudirik agertu, gurasoek edo tutoreek sinatutako baimenik ez badute».
Gainera, lanak entregatzeko euskarriaz ere aritu dira antolatzaileak lehiaketaren oinarrietan: «Irudiak JPEG formatuan bidali beharko dira, artxiboak gutxienez 250 ppp-ko bereizmena izan beharko du eta argazkien ukitu orokor bat baimenduko da, baina ezin izango da gehitu edo ezabatu jatorrizko konposizioa aldatzen duen elementurik».
Sariak
Lehiaketa honek sariak ere ekarriko ditu:
- Lehenengo saria 250€ izango dira, argazkigintzako materialean inbertitzeko.
- Bigarren saria 150€ izango dira, argazkigintzako materialean inbertitzeko.
- Hirugarren saria 50€ izango dira, argazkigintzako materialean inbertitzeko.
Parte-hartzaile berak, noski, ezin izango du sari bat baino gehiago eskuratu.
Saridunak nortzuk diren erabakitzearen ardura lehiaketatik kanpo egongo den epaimahai aditu batek izango du, eta emaitzen berri azaroaren 7an emango da, zuzenean irabazleak deituta zein elkartearen edota Binkeren sareen bitartez.