Galdakaon atxilotu zuten 54 kilo kokainarekin atzeman duten ertzaina
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: EFE Agentziaren artxibotik
Bolo-bolo zabaldu zen atzo Ertzaintzak bere kide bat atxilotu izana, ustez droga trafikoarekin lotuta eta bere etxean 54 kilo kokaina atzeman zutelakoan. Bada, atxiloketa Galdakaon izan zen, eta ertzainaren ustezko konplizearekin atxilotu zuten.
Bilboko ertzain-etxeko agente bat atxilotu dute bere lankideek, eta 54 kilo kokaina aurkitu dituzte haren etxean. Ertzaintzaren barne-arazoetako buruzagitzak hasitako drogaren aurkako operazio baten barruan dago ertzain hori eta ustezko konplize bat atxilotzea.
Bada, polizia-iturrien arabera, Ertzaintzaren atxiloketa Galdakaon izan zen, ustezko konplizeetako batekin batera Tximelarre auzo galdakoztarreko etxebizitza batean zegoela. Ustez droga trafikoan ibilitako ertzaina 50 urteko gizona da —A.S.M. inizialak dituena— eta Ertzaintzaren 14. promozioko kidea.
Ikerketa zabalik dago oraindik, bai epailearen aurrean aurkezteko polizia-eginbide gisa, bai Ertzaintzaren Barne Arazoetarako taldearen eginbide gisa. Baina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak uste du eguenean atxilotutako ertzainak 300.000 bat euro lortu zituela 2021ean delituzko ekintzarekin, gaur bertan Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Legebiltzarrearen atarian adierazi duenez.
Ertzainaren atxiloketarekin amaitu den ikerketa 2021ean hasi zen, eta etxean aurkitu zizkioten 54 kilo kokainaren merkatuko balioa 10 milioi eurokoa omen zen, iturri beraren arabera. Segurtasun Sailak zehaztu du ertzainak loteriako dezimo saritu bat ere erosi zuela, dirua zuritzeko.