Santakurtzetan ustez gertatutako eraso matxista bat salatu dute eta biharko elkarretaratzea deitu da
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko jaietako lehenengo asteburuan ustez sufritutako eraso sexista bat salatu du emakume batek Bilboko ertzain-etxean. Horren aurrean, elkarretaratzea deitu du mugimendu feministak bihar barikurako. Datu gehiago batu ditu Binkek ondoko albistean.
Pandemiaren osteko lehenengo Santakurtzak ospatu ditu aurten Galdakaok, baina zoritxarrez beti existitu den matxismoaren pandemiari ezin izan diote entzungor egin antza aurtengo jaiek ere ez: Momoak Talde Feministak Santakurtzetan izandako ustezko eraso baten berri eman du gaur, urriak 6.
Gainera, talde feminista berak bere sareen bitartez iragarri duenaren arabera, «honako hau ez da kasu isolatua, eta oso kontziente gara honako hau salatu bakarra bada ere, beste eraso asko eman zirela jaietan zehar». Horregatik, «erasoen aurrean autodefentsa feministaz erantzungo dugula eta beldurrak gurekin jai duela» adierazita elkarretaratzea deitu dute biharko, hilak 7 barikua, 19:30ean Santi Brouard enparantzan.
Ertzaintza ikertzen dabilen ustezko eraso honen berri herriko mugimendu feministak Galdakaoko Udalaren bitartez jaso du, Momoak taldeko kideetariko batek Binkeri azaldu dionez, eta honek Ertzaintzak Udaltzaingoari abisua pasata.
Hedabide honek Udalarekin ere hitz egin du, eta xehetasun gehiago eman dizkio erakundeko Berdintasun Arloak kasu honen inguruan: salaketa Bilboko ertzain-etxe batean jarri zen irailaren 19an, ustez Galdakaon jaietako lehenengo asteburuan gertatutako erasoa salatzeko. Ondorioz, eraso sexisten aurreko protokoloari jarraiki, manifestazioa egiteko deialdia mugimendu feministari helarazi zitzaion eta Udalak bere aldetik bozeramaileen batzordera deitu ditu alderdi politikoak.
Bihar eguerdian batuko da Udaleko bozeramaileen batzordea eta alderdi guztiei Udalak bihar bertan kaleratu gura duen adierazpena erakutsiko diete, talde guztien atxikimendua jaso eta adierazpena aho batez argitaratu ahal izateko.