Webgune berria estreinatu du Galdakaoko Udalak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko Udalak bere webgunea «hobeto antolatu, erabiltzeko errazagoa egin eta erakargarriagoa» egin du. Gaur aurkeztu dute prentsaurrean, eta honezkero badago webgune berria erabiltzeko prest.
Galdakaoko Udalak webgune berria estreinatu du gaur, eta hala erakutsi dute gaur prentsaurrean Edurne Espilla Euskara eta Komunikazio zinegotziak, Iñigo Hernando alkateak eta Naiara Pérez de Villareal atari berriaren garapenean lagundu duen Digitalde enpresa galdakoztarreko kideak.
«Udalera heldu ginanean apustu egin genduan udaletxea eta Udala herritarrei hurbiltzeko, eta bide horretan komunikazio ezinbesteko erreminta» dela esanez hasi du galdakao.eus webgune berriaren aurkezpena alkateak. Gainera, «udal bat herritarrek hurbilen daukien erakundea» dela baieztatu du Hernandok, «eta kudeaketa on bat egiten dala ziurtatzeko herritarrek udala hurbiletik jarraitzea garrantzitsua da».
Udala hurbiletik jarraitu ahal izateko bidean daude, esaterako, zinegotzi zein alkateekin eskatu daitezkeen bilerak, Udalaren Gobernu Plana betetzen dela egiaztatzeko martxan jarritako webgunea —galdakaodenontzat.eus—, egunero bidaltzen diren prentsa oharrak, herritarrek prozesu parte-hartzaileetan parte hartzeko sortutako erabaki.galdakao.eus ataria, sare sozialen erabilera indartua —orain TikTok profila ere sortu berri—… eta bai alkateak zein Edurne Espilla zinegotziak prentsaurrean aurkeztutako zenbait puntu.
«Baina bide guzti horiek batuko dituen eta 24 orduz herritarren eskura egongo den etxe birtual on bat izateko sortu dogu galdakao.eus webgune barria», azpimarratu du Espillak. Edukiak hobeto lantzeko eta antolatzeko hirugarren fase bat izango dela adierazi du zinegotziak, «baina ikusgarriena dagoaneko prest dagoenez, gaur aurkeztu gura izan dogu». Komunikazio arduradunaren berbetan «intuitiboagoa, bistara sinpleagoa, hobeto antolatuta dagoana, mugikorretara egokituko dena eta aldi berean erakargarriagoa» den webgunea sortu gura izan dute.
Ezaugarri horiek bermatzeko Digitalde enpresa galdakoztarraren laguntza izan du Galdakaoko Udalak, eta Binkeko kolaboratzailea ere baden Naiara Pérez de Villareal kideak izan du galdakao.eus berria aurkezteko ardura, pantaila handi bat lagun duela. Baliabide digitaletan aditua den profesionalak bermatu duenagatik, «oraingo webgune honegaz errazago helduko zara gura dozun lekura, eta klik batean edo bitan gehienez helduko zara gura dozun edukira». Gainera, eta atal nagusiak aurreko webgunearekin alderatuta «oso antzekoak» badira ere, «edukiak hobeto antolatu ditugu», adierazi du Pérez de Villarealek.
Webgune berri honek, atariaren goiburuan zein oinean, «Entzuten dizugu» izeneko atala ere badu, Udalarekin harremanetan jartzeko dauden bide guztiak zeintzuk diren batzen dituena —hala nola, iradokizunak eta kexak webgunetik bidali ahal izateko—.