Jose Luis Bernal izango da Podemos taldeko alkategai datozen udal hauteskundeetan
ARGAZKIA: Bat Egin-Podemos
TESTUA: Jon Gomez Garai
Maiatzeko udal hauteskundeei begira hasi gara Galdakaoko alderdietako hautagaiak ezagutzen. Podemos taldeak Jose Luis «Txelu» Bernal aurkeztu du alkategai, egungo Toki Garapen eta Enplegu arloko zinegotzia.
Datorren urteko 2023ko maiatzean antolatuko diren udal hauteskundeetarako alkategaiak ari gara pixkanaka ezagutzen Galdakaon ere. Alderdi sozialistaren ostean, bere hautagaia aurkezten bigarren alderdia izan da talde morea: Jose Luis «Txelu» Bernal izango da Galdakaoko alkategaia datozen udal hauteskundeetan.
Hauteskunde hauetara, Podemosek euskarazko Bat Egin izena ere aurkeztu du herri guztietan, eta gogotsu dago Bernal hauteskunde hauei begira, alderdiak bidalitako oharrean adierazi bezala: «Urrats hau ematea erabaki dut bizi izan dudanagatik, oso zirraragarria da kalera irtetea herritarren beharrak ezagutzeko eta haien bozeramailearen lana egiteko, jendeak nahi zuen aldaketa politikoa lortzeko, baina oraindik lana egiteke dago, eta horregatik borrokatzen jarraitzen dut».
Jose Luis Bernal Galdakaoko Udal Gobernuko kide da, EH Bildu babestu baitzuen bere bozkarekin 2019ko udal hauteskundeetan —Auzoak eta Usansolo Herria plataformekin batera—; gaur egun Toki Garapen eta Enplegu arloko zinegotzia da Bernal.