Iskander Sagarminaga finalerako sailkatu da mundu mailako Oceanman lehiaketan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Oceanman Openwater
Ironman formatuan nazioarteko hamaika herrialdetan antolatzen den itsaso zabaleko lehiaketa da Oceanman, eta Iskander Sagarminaga galdakoztarrak Benidormeko etapa irabazi zuenez, Greziako munduko finalera joateko sailkatu da. Zorionak!
Ironman formatuko lehiaketa da Oceanman, itsaso zabalean igeri egiteko antolatzen dena eta mundu mailako antolakuntza duena. Etapaka antolatzen da nazioarteko hiri desberdinetan, eta kategoria bakoitzeko hiru irabazleak finalerako sailkatzen dira. Bada, Benidormen urriko lehenengo asteburuan jokatu zen proban Iskander Sagarminaga galdakoztarrak hartu zuen parte eta bere kategoriako zein sailkapen orokorreko lehenengo postua irabazi zuen.
Horrela ba, urriaren 28tik 30era bitarte Greziako Kreta irlan jokatuko den munduko finalerako zuzenean sailkatu da Sagarminaga, Benidormen bi ordu, 12 minutu eta 14 segundoko denbora egin ostean. Bigarrenari ia hiru minutuko aldea atera zion galdakoztar kirolariak.
Lehiaketa honek 26 etapa ditu —Tailandian, Dubaien, Kolonbian, Kroazian, Egipton, Indonesian, Espainian, Austrian, Polonian, Mexikon eta beste hamaika herrialdetan— eta final bakarra. Esan bezala, aurtengoa Kretako Rethimno hirian antolatuko dena urriko azken asteburuan.
Sagarminagak egindako Benidormeko proba Malpas hondartzan antolatu zen, 300 parte-hartzaile aritu ziren, 10 kilometro egin behar izan zituzten igerian eta gehienezko denbora lau ordu eta erdikoa izan zuten. Baina denetan azkarrena Iskander Sagarminaga galdakoztarra izan zen.