Galdakao eta Usansoloko sei guneren argiteria hobetuko dute
TESTUA: Naia Bergaretxe Saria
ARGAZKIAK: Google Earth
Galdakaoko 5 gunetan eta Usansoloko kale baten argiteria aldatuko du Udalak 112.701 euro ingururen truke. Dagoeneko Zamakoa kaleko argiztapena handitzeko lanetan ari dira.
Faseka joango da Galdakaoko Udala herriko kale eta gune ezberdinen argiztapena hobetzen. Momentu honetan Zamakoa kaleko argiztapena handitzeko lanean ari dira, eta beste beso bat duten farolak jarriko dituzte bertan, bai errepidea bai espaloiak argiago egoteko —argia altuera eta norabide desberdinetara jarrita lortu nahi dute hau—. Kasu honetan, Zamakoa kaleko lanek 38.647,43 euroko inbertsioa —BEZa kontutan hartu gabe— suposatuko dutela iragarri du Udalak.
Aipatutako kaleko lanak behin bukatuta hurrengo gune hauetan egingo dituzte aldaketak:
- Tximiolarre Behekoan, Zuberoa kalearekin gurutzatzen den gunean
- Lapurdi-Ibarluze parkean
- Ander Deuna kalean
- Udaletxe ondoko aparkalekuan
- Aperribain, anbulategiaren aurrean
Kale guzti hauen argiztapena hobetzeko, 112.071,33 euro inbertituko dituela aritaratu du Udalak.