Adinekoei zuzendutako ekintza bi antolatu ditu Galdakaoko Udalak otsailean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Rg Studio
Galdakaoko Udalak hainbat ekintza antolatzen ditu urtean zehar adinekoentzat eta otsailean bi eskainiko ditu. Batetik, Barakaldoko lorategi botanikora joango dira eta bestetik, txakolinaren itzalpera irteera egiteko aukera izango da.
Jarrera aktiboa mantendu eta aisialdiaz gozatzeko helburuz, Galdakaoko Udalak adinekoei zuzendutako hainbat ekintza antolatzen ditu urtean zehar. Bidaietan, eguneko irteeretan, tailerretan eta beste hainbat jardueretan eman dezakete izena nagusiek.
Otsailean bi ekintzetan parte hartu ahal izango dute. Batetik, Barakaldoko lorategi botanikora irteera kulturala antolatu du Udalak hilaren 22an. Hemeretzi pertsona joan ahal izango dira gehienez eta dagoeneko izena eman daiteke Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuan. Bakoitzak bi izen eman ahal izango ditu gehienez.
Bestetik, txakolinaren itzalpera oinez txangoa egiteko aukera izango da otsailaren 23an. Ibilbidea 10 kilometrokoa izango da eta honetan Oka ibaiaren estuarioaren ezkerraldeko natura eta kultura ondarearen zati handi bat ezagutuko dituzte parte-hartzaileek. Gehienez hogeita hamar pertsonek eman ahal izango dute izena eta gaurtik aurrera egin daiteke Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuan ere, bi pertsona bakoitzeko.
Gainera, apirilean Huescara bidaia antolatu du Udalak, Cemo Bidaia Agentziarekin lankidetzan. Sei eguneko autobus ibilbidea egingo dute, zeinetan lurraldeko hainbat toki bisitatuko dira. Besteak beste, Erdi Aroko Jaka, Hecho eta Anso, Canfranc, Ordesa, Torla, San Juan de la Peña, Huesca eta Loarre Gaztelua ikusteko aukera izango dute bidaia honetan izena ematen dutenek.
Ekintza hauen eta IMSERSOko bidaien inguruko informazio gehiago ezagutu daiteke Pontzi kalean kokatuta dagoen Galdakaoko Gizarte Ekintzako bulegoan astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan 10:00etatik 13:30era eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara, eta baita 944010545 deituz ere.