Adinekoei zuzendutako lau ekintza antolatuko ditu Galdakaoko Udalak martxoan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuaren bitartez, adinekoei zuzendutako lau ekintza antolatuko ditu Galdakaoko Udalak martxoan. Zehazki, irteera bi eta ikastaro bi eskainiko ditu hurrengo asteetan.
Galdakaoko Udalak adinekoei zuzendutako ekintzak antolatzen jarraitzen du. Martxoan lau eskainiko ditu, berriz ere Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuaren bitartez: irteera bi eta ikastaro bi.
Batetik, bisita kulturala egingo dute Bilboko Museo Arkeologikora. ‘Museoa betaurreko lilekin’ bisita egingo da zehazki, museoa genero ikuspegitik bisitatzeko. Bisita gidatua martxoaren 13an izango da, 16:30ean, euskarazko taldearentzat, eta martxoaren 20an, berriz, gaztelaniazkoarentzat, ordu berean. Izen ematea martxoaren bihar irekiko da, gehienez 20 pertsonentzat.
Martxoaren 21ean aldiz, Lamiaran lamien haranetik 8 kilometroko ibilbide ederra egiteko aukera eskainiko da. Izena emateko epea martxoaren 8an irekiko da, gehienez 30 pertsonentzat.
Ikastaroei dagokienez, martxoaren 18an eta 19an 10:30etik 12:30era sakeleko telefonoa erabiltzeko tailerra antolatuko dute Danok Aurrera Adinekoen Zentroan. Izen ematea martxoaren 7tik aurrera izango da zabalik.
Pintura eta arte ikastaroa ere eskainiko du Udalak Torrezabalen, kasu honetan apirilaren 10etik ekainaren 19ra. Izen ematea ordea martxoaren 22tik aurrera egin daiteke.
Proposatutako jarduera guztietan izena emateko lehen egunean, arreta ordutegia 8:00etatik 13:30era izango da; gainerako egunetan, Adinekoak Dinamizatzeko Zerbitzuaren bulego ordutegia 10:00etatik 13:30era izango da astelehenetik barikura, eta eguenetan 16:00etatik 18:00etara.