Ahoztar Zelaieta kazetariak «Residencias S.A.» liburua aurkeztuko du Galdakaon
Kazetaritza
BINKE / 2022ko urtarrila
Ahoztar Zelaieta kazetariak «Residencias S.A.» liburua aurkeztuko du Galdakaon
ARGAZKIA: Txalaparta
TESTUA: Jon Gomez Garai
Zaharren egoitzetako «pribatizazioaz» eta pandemiaren aurretik zein ostetik «sektore honetan eragindako kalteez» arituko da Ahoztar Zelaieta, eguen honetan Galdakaoko Ganguren tabernan.
Ahoztar Zelaieta kazetariak (Bilbo, 1972) «Residencias S.A., el negocio de los cuidados en Euskal Herria» (Txalaparta, 2021) liburua aurkeztuko du eguen honetan, urtarrilak 27, Ganguren tabernan 19:30ean.
Zaharren egoitzetako sektorean eman den «pribatizazioaren kronologia» laburbiltzen du liburuak, Zelaietak berak azaltzen duen bezala, «Euskal Herrian pribatizazio prozezu honetaz enpresa pribatuak onuratu» baitira. Horrela ba, egoitza batean bizi diren pertsona batzuen matxinadaren fikzio baten aitzakiarekin, sektorearen erradiografia azaleratzen saiatzen da kazetaria.
Aipatutako pribatizazio prozesuaz onura atera duten enpresak bi motatakoak direla dio Zelaietak: «Talde handiak —Espainiako erresidentzien sektorean pisu handiena dutenak— eta beste aldetik Hego Euskal Herrian sortutako tokiko enpresa multzoa. Talde handiak eta tokiko enpresa hauek bat egiten dute Hego Euskal Herriko patronalean eta kargu publiko ohi batzuk tokiko enpresa hauek sortu dituzte edota zuzendaritzan daude».
Gainera, «pandemiak erresidentzietan eragindako kalteak eta pandemiaren aurretik erresidentzietan egindako ikuskatzeen ondorioz jarritako isunak» ere azpimarratu gura ditu kazetariak eguenean Galdakaon eskainiko duen aurkezpenean.