Alkateak eta zinegotziek ezin izango dute agerraldi publikorik egin gaurtik aurrera
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Gaur, apirilak 4, publikatu da Estatuko Aldizkari Ofizialean maiatzaren 28an antolatuko diren foru- eta udal-hauteskundeetarako deialdia. Horrenbestez, alkateak eta zinegotziek ezin izango dute agerraldi publikorik egin gaurtik aurrera. Albiste honetan batu dugu Udal Gobernuak bozketa egunera arte zer egin ahal duen eta zer ez.
Maiatzaren 28an antolatuko dira Hego Euskal Herrian foru- eta udal-hauteskundeetan. Tartean, hasi da jada kanpaina prestatzeko prozesua eta gaur, apirilak 4, publikatu da Estatuko Aldizkari Ofizialean deialdia. Horrenbestez, Galdakaoko alkate den Iñigo Hernandok eta Udaleko zinegotziek ezin izango dute agerraldi publikorik egin gaurtik aurrera.
Hauteskunde Araubidearen Lege Organikoaren arabera, gaurtik aurrera ezin da botere publikoek finantzatutako lorpenei buruzko ekintzarik egin. Halaber, deialdia pubilkatzen denetik aurrera debekatuta dago obrak, zerbitzu publikoak edo proiektuak inauguratzea.
Bestalde, betebeharrak ditu Udalak. Besteak beste, kanpainan zehar, udalek lokal ofizialak eta leku publikoak alderdien ekitaldiak egiteko erreserbatu beharko dituzte. Era berean, posteak, farolak eta antzekoak kartelak jartzeko leku doako moduan utzi behar dituzte.
Legearen arabera, espazio horien banaketa proportzionala izan behar da alderdi bakoitzak aurreko hauteskundeetan lortutako emaitzarekiko.