Galdakaoko Udala herriko hainbat lokal eta espazio publikoren aldi baterako lagapena arautuko duen ordenantzaren zirriborroa lantzen ari da. Prozesu horren baitan, herritarren proposamenak jasotzeko saioa antolatuko du azaroaren 3an, udaletxean.
Herriko hainbat lokal eta espazio publikoren aldi baterako lagapena arautuko duen ordenantzaren zirriborroa lantzen ari da Galdakaoko Udala, «espazio horien erabilerari ahalik eta onura sozial handiena» ateratzeko helburuz.
Orain arte, lagapen horiek araudi zehatzik gabe egin dira, eta Udalak prozedura eta irizpide argiak ezarri nahi ditu, lokalak nori eta zertarako laga zehazteko eta haien erabilera «modu garden eta antolatuan» kudeatzeko.
Ordenantzaren zirriborroaren bidez, araudi argi eta gardena ezarriko da, lokalak erabiltzeko baldintza eta prozedura zehatzetan oinarrituta espazioen kudeaketa eraginkorragoa izan dadin.
Horrez gain, erabiltzaileen betebeharrak eta erantzukizunak ere zehaztuko ditu, baita baimenduta ez dauden jarduerak ere, espazio horien erabilera egokia bermatzeko.
Ordenantzak lokal motak eta lagapen modalitateak bereiziko ditu, horien iraupenaren arabera. Hala, egun baterako edo ordu batzuetarako lagapenak eta ikasturte osorako edo epe luzeagotarako lagapenak arautuko ditu, kasu bakoitzean lokala nori eta zertarako laga ahal izango zaion zehaztuz.
Udaleko hainbat arlok hilabeteak daramatzate zirriborroa lantzen, eta orain dokumentua herritarrekin eta eragileekin partekatuko da, haien iritziak eta ekarpenak jasotzeko.
Horretarako, parte-hartze tailerra egingo da martitzenean, azaroak 3, 18:30etik 20:30era, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Saioan, ordenantzaren proposamena ezagutu, haren inguruan eztabaidatu eta ekarpenak egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.
Plaza kopurua mugatua denez, aldez aurretik izena eman beharko da udal parte hartze plataforman dagoen formularioaren bidez. Ordenantzaren zirriborroa ere bertan kontsulta daiteke.




