Apustu eroenetik 25 urte
Galdakao-Cadiz motorrean
BINKE / 2021eko martxoa
Apustu eroenetik 25 urte
TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Galdakaok inoiz bizi izan duen apustu ezagunena gauzatu zuen Gorka Galarzak orain 25 urteko inauterietan, Zamakoatik Cadizera eskelak jartzeko motorrarekin joanda. Urteurren horren bueltan batu ditu Binkek abentura hartan inplikatutako herrikideak, datozen orrialdeetan batutakoak gogoratzeko eta baita aldizkariak berreskuratutako bideo bat erakusteko ere.
Galdakaok azken urteetan bizi izan duen apusturik ezagunena antolatu zenetik 25 urte pasa dira. Gorka Galarza galdakoztarrak 1996ko inauterietan bost herrikiderekin apustu egin zuen: 48 ordu baino gutxiagotan, baietz Galdakaotik Cadizera iritsi, eskelak jartzeko erabiltzen zuen 49 zentimetro kubikoko motorrarekin. Esan eta egin, 43 ordutan iritsi zen Galarza —atzetik bost lagun furgonetan segika zituela— Cadizera.
Istorio ikaragarri hau, garai hartan Zamakoa kalean kokatuta zegoen Tucker tabernan hasi zen, galdakoztar kuadrila bat astean zehar parrandan zegoen bitartean. Abenturaren protagonista Gorka Galarza dugu, motor txiki batekin gure herritik eskelak banatzen zituen gaztea. Bere lagunak zirikatzen hasi ziren, motor horrekin ez zela ezta Barazarrera helduko esanez, eta hori entzunda, berak penintsula osoa goitik-behera motor horrekin 48 ordu baino gutxiagotan egingo zuela erabaki zuen; Galdakotik Cadizera arte. Lagunek eginkizun hori ezinezkoa zela ikusita, guztien artean apustu serio bat egitea erabaki zuten. Izan ere, denen artean tabernan aurkitu zuten mahai-zapi batean idatzi zituzten apustuaren baldintzak eta denek sinatzeko ardura hartu zuten.
Bost kidek hartu zuten parte apustuan, bakoitzak 25.000 pezeta —orduko 150€— jokatuz. Gorka Cadizera helduz gero, 125.000 pezeta —750€— irabaziko zituen, baina eginkizuna lortu ezik, kontuan hartzekoa da diru kopuru hori oso esanguratsua zela urte haietan. Diru hori haien artean jokatuko zutena izan zen, baina horretaz aparte, bidaiaren gastuak modu batera edo bestera ordaindu behar zituzten. Apustu egin zuten guztietatik Igor Izagirre galdakoztarrak bakarrik hartu zuen parte bidaian, eta barrez lehertzen kontatzen dute bidaiako lagunek bakoitzak bere rola izan zuela afera honetan: logistika lanetako ardura eta epailea Patxi Rayo izan zen, mekanikoa Oscar Arrieta, gidaria Txelis Urkiza, telefonia arduraduna —orduan telefonoa zuen bakarrenetarikoa— Lanberto Irigoien, psikologoa Igor Izagirre eta motorreko gidari bakarra —apustuko protagonista— Gorka Galarza.
Apustu egin zuten gau hartan momentuko «beroaldiak» ez zuen oihartzun handirik izan, baina herritarren artean berria zabaldu zenean taberna eta komertzio asko hasi ziren publizitatea eskaintzen. Gehienek 5.000 pezeta —30€— eman zituzten eta baten batek zozketa bat ere egin zuen ahalik eta diru gehien lortzeko. Helburua motorrarekin batera bidaian furgoneta bat eramatea zen, eta horregatik, eskuratutako diru guztia furgoneta alokatzeko eta baita gasolina ordaintzeko ere erabili zuten. Bidaia-kideek Binkeri kontatu dioten moduan, dirua eskatzeko poteo bat antolatu zuten. «Tabernaz-tabernaz joaten ginan gure apustua azalduz, eta bide batez, dirua eskatuz», dio Izagirrek. Eta Galarzak gaineratu barreka: «Baina askotan egoera okertzen jakun eta hainbat tabernatara behin eta berriro joan behar izaten genduan, azkenean publizitate beharrak egitea ahaztu egiten jakun-eta!». Kroko tabernara, adibidez, hamar bat aldiz joan behar izan zuten lortutako dirua gauean bertan xahutzen baitzuten.
Bidaia gogorra. Galdakaotik inauterietako ostegun batez irten ziren. Abentura antolatzeko hiru hilabete izan zituzten eta argi zeukaten bazeudela landu beharreko bi edo hiru kontu. Hasieratik argi eta garbi utzi zituzten egin beharreko geldialdiak eta geralekuak non eta zein ordutan izango ziren. Hau da, bidaian zehar erabilitako estrategia adostutako geralekuetara furgoneta Gorka baino arinago heltzea zen, honek arazoren bat izanez gero, errazago egiten baitzitzaien furgonetarekin hurbiltzea.
Bidean zehar motorrak hainbat arazo ekarri zituen, gehienbat, 49 zentimetro kubikokoa zelako. Gorkaren lagun batek Bilbondon egin zen zozketa baten eskuratu zuen motorra, eta garai hartan Galarzak ehorztetxe batean lan egiten zuenez, eskelak hormetan jartzeko erosi zion lagunari. «Motorra erosi nebanean lagunak esan eustan karburadorean arazoren bat ebala, eta horregaitik ez ebala 49 zentimetro kubikok eskaintzen eban potentzia guztia», dio Galarzak. Hala ere, motorra erosi eta ibilgailu hondatu horrekin lortu zuen bidaia osatzea.
Bestalde, hiru ordutik behin Gorkak geldialdi txikiak egin behar izaten zituela azaldu dute lagunek; «gehienbat, motorrari gasolina bota behar izaten geuntsalako», zehazten du Arrietak. «Kontuan hartu behar dozue be garai hartan ez egoala ez GPS-rik ezta teknologia askorik be; horregatik, paperezko mapa bategaz ibili ginan bidaia guztian zehar», gogoratu du Urkizak. Lagunek zuten mugikor bakarrarekin Tucker tabernara deitzen zuten, herrikoei Gorka non zebilen jakinarazteko erabili baitzuten. «Eta tabernan, mapa handi bat zeukaten, deia jasotzen zuten bakoitzean txintxetekin motoristaren ibilbidea markatzeko», oroitzen du barreka Arrietak. Bidaian zehar izan zuten arazorik larriena galdakoztarrarekin komunikazio eza izan zen. Hori dela eta, Madrilera heldu baino arinago Gorka gasolina barik gelditu zenean —eta lagunak hurrengo geralekuan trago bat hartzen zeudenez, bere zain—, berak bakarrik bultzatu behar izan zuen motorra. Horrela gogoratzen du Galarzak berak: «Gutxi gorabehera 500 metro egin behar izan nebazan, kalean zazpi gradu zero azpitik egoazala, gasolindegi bat aurkitu neban arte».
Antolakuntza fina. Bidaian zehar denbora tarte gutxiko geldialdiak egin zituzten. Egindako apustuak oso denbora tarte txikia eskaintzen zion Gorkari gelditzeko, horregatik, geraldirik luzeena lo egiteko hartu zuten denbora tartea izan zen: hiru ordukoa. Denbora aurrezteko ere, furgonetaren atzeko partean gasolina bidoiak zeramatzaten, gasolindegietan gelditzen ibili behar ez izateko. Aurkitutako beste oztopo larri bat, gauetan egiten zuen tenperatura baxua zen. Madril inguruan konturatu ziren hotzagatik Gorkak arazo larriak izan zitzakeela eta bere lagunek bilatu zuten irtenbidea furgonetan bertan zituzten pataten poltsak eta kartoiak traje barruan sartzea izan zen; hotzak zuzenean gorputzarekin kontaktu zuzena izan ez zezan. «Bere itxurak ikusi behar zenduezan!», dio barreka Patxi Rayok.
Bidaia antolatzean ere konturatu ziren ez zeukatela motorrean hainbeste kilometro egiteko arropa aproposik eta horregatik ingurukoei galdezka hasi zitzaizkien ekipamendu egokiaren bila. «Ingurukoek urpean igeri egiteko neoprenozko arropa utzi eustien, eta horregaz joan nintzan», dio esker onez protagonistak. Horretaz aparte, bidaia prestatzean aurkitu zuten hirugarren arazoa Madrilen nahitaez M30etik igaro behar izatea izan zen. Errepide horretan motorraren zilindrada zela eta, ezin ziren motorrez sartu. Horregatik, tarte txiki batean, motorra furgonetan sartzera behartuta ikusi zuten euren burua. «Gorkak uste eban hori eginez apustua zapuztuta geldituko zala, eta Cadizera heldu ginanean ez zan motorretik jaitsi San Fernandorako bidean jarraitzeko, Madril inguruan egin bako kilometroak berreskuratzeko!» onartu zuen Rayok. Cadizetik San Fernandora 1.400 kilometroko distantzia dago, eta horrekin Gorkak apustua guztiz berdinduta ikusi zuen beraz.
Azkenean, inauterietako ostegunean Galdakaotik irten eta 43 ordu geroago iritsi ziren Cadizera. Bertan jendea inauteriak ospatzen egon zen eta gure istorioaren protagonistek ere haiekin bat egin zuten, bazutelako zer ospatu! Motorra furgonetan sartu eta itzulera seirek ibilgailuaren barruan egin zuten. Kuadrilak gogoratzen duenez, bidaian zehar ez zuten inolako istilu edota arazo legalik izan. «Behin baino gehiagotan polizia eta guardia zibilekin egiten genduan topo, baina egiten eben bakarra Gorka estralurtar baten pare begiratzea baino ez zan», gehitu zuen Izagirrek.
Apustuaren oihartzuna. Herriak oso jarrera baikorra erakutsi zuen orduko kuadrilarik ezagunenetakoak antolatu zuen bidaiarekin. Hasieran lagunarteko apustu soil bat zena, hedabideetan ere agertu zen gertakari xelebrea bilakatu zen. Baina, zelan izan zuten hedabideek honen berri? Badu honek «errudun» bat, berbaren zentzurik onenean.
Galarzaren «kontra» apustu egin zueneko bat Igor Izagirre galdakoztarra izan zela aipatu da. Bada, bere amak herrian supermerkatu txiki bat zuen, Zamakoan; gaur egun Kutxabankeko kutxazainak dauden tokian. Erosle zen dendaren izena, eta egunero hainbat bezero joaten zitzaizkion Izagirreren amari, Ana Mariri. Horietako bat EiTBko langilea den Roberto Perez. Kazetaria bera ere izan zen Binkek abentura hau gogoratzeko protagonistekin egin zuen solasaldian, eta Perezek berak gogoratu zuen: «Dendan kontatu eustien inauterietan egin behar eben apustu-abentura, eta mundiala iruditu jatan!». Horrela ba, Robertok lankide zuen eta motorzalea den Jon Asla kazetariari esan eta honek ez zuen bi aldiz pentsatu: ETBko kamerarekin etorri zen irteera-puntua grabatzera. Garai hartako albistegietan ere eman zuten horren berri.
EiTB hedabideen Forta taldean dagoenez, eta taldeko kide Andaluziako Canal Sur ere badenez, azken honek horren berri ere eman zuen: bidaia amaitzerakoan bertan egon ziren, kamera eta mikrofonoa eskutan, galdakoztarren zain. Cadiz ondoan dagoen San Fernando herrian amaitu zuten bidaia. Arinagotik ere bazekiten telebista han egon behar zela, bai ETBk eta baita Canal Sur-ek ere jarraipena egin behar zutelako. Bazkaltzeko ordua heldu eta San Fernandoko taberna batera joan ziren. Sarreran kotxeak aparkatzen zituen zerbitzaria zegoen itxaroten, eta bere janzkeragatik Irigoienek uste izan zuen telebistako kazetari bat zela. «Beragana gerturatu ginan galdezka, ia noiz grabatuko genduan bideoa, ia elkarrizketaren bat egongo zan… eta bertako zerbitzaria harrituta gelditu zan, zeren inguruan gabizela jakin barik!», oroitu zuen Urkizak irribarrea ahoan. Eta idatzizko prentsan ere izan zuen oihartzunik, Egin egunkarian zutabe bat idatzi baitzuen Juan Bilbao kazetariak apustuaren inguruan.
Izagirrek esaten duen moduan, «danok uste genduan gure Gorka ez zala inola be helduko, eta beitu!». Azken finean, apustuarekin batera lagun arteko esperientzia ahaztezin bat bizitzeko gogoa zuten eta horregatik abenturan parte hartu zuten. Baina berez, guztiek uste zuten guztiz ezinezkoa zela; alde batetik, fisikoki Gorkak beharrezkoa zen prestaketa ez zuelako egin, eta bestetik, motorra ere ez zegoelako prest tankera horretako bidaia egiteko. Baina egin, egin eta lortu zuten. Eta Izagirrek hainbatean errepikatu zuen: «Apustua —eta dirua— galdu neban, baina begiekaz itxita egingo neuke holako beste apustu bat».
Eta apustu bat izan zenez, ez zuten horrelakorik berriro errepikatu. Baina zer nolako arrakasta izan zuten ikusita, horrelako beste apustu bat egiteko gogoarekin gelditu ziren. Eta egin kontu, bururatu zitzaien ideia are eroagoa zen: Galdakaotik Benidormera asto gainean joatea. Animatzen al da inor? •