ARGAZKIAK | Atzo amaitu zen Sormeneren udazkenekoa, Trapu Zikinak lanarekin
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Peio Zamalloa
Sormeneren aurtengoak bete du bere ibilbidea. Udaberrikoa pasa genuen eta atzo udagoienekoak agur esan zigun Lore More konpainiaren «Trapu zikinak» helduentzako antzezlanarekin. Bertan izan ginen, eta saiotik ateratako irudi hauek erakutsi gura dizkizuegu. Datorren urtera arte, Sormene!
Hirugarren urtea bete du Galdakaoko sorkuntzen plazak, Sormenek. Eta bere bi ekinaldiekin amaitu ere, udaberriko zein udazkeneko. Atzo domekarekin itxi zituen ateak Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusiak Sormeneren egitarauari dagokionez. Horretarako, Lore More konpainiaren «Trapu zikinak» antzezlana eskaini zen arratsaldean.
Helduentzako antzezlana da «Trapu zikinak», Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren lehen deialdian aukeratutako antzezlana. Sinopsia eder hau du obrak: Gerraosteak utzitako pobrezia, adiskidetasuna, patroiaren bidegabekeria, maitasuna, lana eta etorkizunerako desirak gorpuztuko dira garbitzen diharduten emakume saldoan. Hotza eta zikineria izango dituzte bidelagun; azken hauek ere badute zer esan bizi garen munduaz…Ikuskizun hau garbilekuetan jo ta fuego aritu ziren arbasoei omenaldia da. Haien izerdi eta irriei, haien arteko laguntza eta isiltasunei. Izan zirelako, gara.
Binkek ez zion ikuskizunari ere hutsik egin, eta bertan batu ditugu Sormeneren 2023ko azken ikuskizunaren irudiak: