ARGAZKIAK | Galdakaok irabazi zuen Hego Uribeko futbol selekzioen txapelketa
Kirola
BINKE / 2022ko ekaina
Galdakaok irabazi zuen Hego Uribeko futbol selekzioen txapelketa
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIAK: Ainhoa Valenciano
Hego Uribeko futbol selekzioen hamabigarren edizioa Galdakaok irabazi zuen zapatuan, Arrigorriaga aise irabazita eta Basauriren aurka berdindu ostean. Gainera, Iñaki Ibarretxe 89 urteko futbolari ohia omendu zuten zelaian bertan. Hemen batu ditugu Ainhoa Valencianok bidalitako zortzi argazki!
Hego Uribeko herrien arteko futbol txapelketa jokatuko zen iragan zapatuan, hilaren 11n. Hamabigarren edizioa Galdakaon jokatu zen, Santa Barbara futbol zelaian, eta Galdakaoko Udalak izan zuen Galdakao Futbol Taldearekin batera txapelketa antolatzeko ardura.
Hego Uribeko txapelketan hiru udalerrietako selekzioek hartu zuten parte: Galdakaok, Arrigorriagak eta Basaurik. Etxebarrik azken momentuan egin zion uko txapelketari, beharrezko jokalari kopurua ez betetzeagatik.
Beraz, triangularrean jokatu zuten aipatutako hiru herriek, futbol zelai galdakoztarrera 09:00etan iritsi eta 10:00etan hasita. Basaurik eta Arrigorriagak jokatu zuten lehenengo, Arrigorriagak eta Galdakaok gero, eta Galdakaok Basauriren aurka jokatu aurreko norgehiagokan Iñaki Ibarretxeri omenaldia egin zitzaion, Galdakao Futbol Taldean eta beste hainbat taldetan ibilitako atezainari, gaur 89 urte dituenari.
Bertan izan ziren, hainbat futbolzalerekin batera, Amets Iturbe Galdakaoko Udaleko Kirol zinegotzia, Iñaki Larrea Galdakao Futbol Taldeko presidentea eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea.
Emaitzak berriz, hauek izan ziren:
- Arrigorriaga 1 – Basauri 1 / Penaltietan Arrigorriagak irabazi.
- Galdakao 4 – Arrigorriaga 0.
- Basauri 0 – Galdakao 0.
Beraz, Galdakaoko selekzioak irabazi zuen Hego Uribeko futbol selekzioen XII. txapelketa.
Hemen batu ditu Binkek Ainhoa Valencianok ateratako zortzi argazki: