ARGAZKIAK | Nazioarteko Trikitixa Jaialdia 24 iruditan, Galdakaon
ARGAZKIAK: Gaizka Peñafiel
TESTUA: Jon Gomez Garai
Nazioarteko Trikitixa Jaialdiaren egoitza izan zen domekan Galdakao. Ehundik gora trikitizale batu zen Torrezabal Kultur Etxeko berotasunean, zortzi musikari handirekin gozatzeko. Bertan izan zen Gaizka Peñafiel trikitilari eta argazkilaria, eta bere 24 iruditan batu dugu jaialdiak gurean eman zuena.
Zenbait urte desagerturik egon ondoren, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak ekin zion Nazioarteko Trikitixa Jaialdia berreskuratzeari. Eta berreskuratze hori, hau da, Nazioarteko Trikitixa Jaialdi eraberrituaren estreinuko edizioa Errenterian eta Galdakaon antolatu zen.
Azaroaren 5ean Gipuzkoako herria eta hurrengo egunean, hilaren 6an, Galdakao izan ziren ekimen internazional honen egoitzak. Bost trikilari izan ziren Torrezabal Kultur Etxeko oholtzan, baina Eneko Dorronsoro eta Süne —Josune Arakistain— euskaldunak eta Liv Hallum kataluniarra beste musikari banarekin etorri ziren lagunduta; guztira beraz zortzi musikari aritu ziren aurtengo Nazioarteko Trikitixa Jaialdian.
Ia ordu eta erdiko saioan soinulari edo bikote bakoitzak hiruzpalau pieza jo zituen ehundik gora trikitizaleren gozamenerako. Urriaren 22an Binkek azaldu bezala, hiru tarte euskaldun eta kanpotik etorritako —baina instrumentu nagusi soinu txikia lagun duten— bi tarte izan ziren: Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaez (Euskal Herria), Damien Mullane (Irlanda), Eneritz Furyak (Euskal Herria), Liv Hallum eta Ivan Caro (Katalunia), Süne eta Huizi (Euskal Herria).
Bertan izan zen Gaizka Peñafiel trikitilari eta argazkilaria, eta irudi hauek bidali dizkio Binkeri: