ARGAZKIAK | Sormeneren Bideorally lehiaketa 16 urteko lau gaztek irabazi dute
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Peio Zamalloa
Bideo bakarra aurkeztu da aurten Sormene plazak lehenengoz antolatu duen Bideorally lehiaketara eta domekan banatu dituzte sariak Torrezabal Kultur Etxean. Hala ere, bideo honek «baldintza guztiak bikain» bete dituela nabarmendu dute antolatzaileek. Nortzuk izan dira irabazleak?
Sormene plazako Bideorally lehiaketak ez du partaide kopuru aldetik arrakasta handirik izan, baina bai eduki aldetik. Ikus-entzunezko bakarrak hartu du parte, baina parte hartzeko antolakuntzak aurretik jarritako arauak «bikain bete dabez», Josi Sierra ekimenaren arduradunak Binkeri kontatu dionaren arabera.
Eguzkibegi Ikastolako 16 urteko lau ikasle izan dira parte-hartzaile eta irabazleak: Oñatz, Ane, Ziortza eta Maider. Hauen bideoa jaialdian bertan grabatu dute, Sormeneko ekintzak eurek protagonista bilakatuta. «Laburpen moduko bat egin dabe, eta guk eskatu moduan: euskaraz, emakumeak kontuan hartuz, irudi duinak eta inor mintzen ez dabenak grabatuz…», azaldu du Sierrak.
Sari banaketa egin da domekaz Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian, eta bideoa bera ikusteko aukera ere izan dute bertaratutakoek. Kultur etxe honetako urte osoko ekintzetara doan joateko bono bana irabazi dute lau parte-hartzaileek eta taldearentzako 150€ ere irabazi dituzte.