Autobus geltoki bi batuko dituzte Juan Bautista Uriarten, trafikoa arintzeko
Azpiegiturak
BINKE / 2022ko maiatza
Autobus geltoki bi batuko dituzte Juan Bautista Uriarten, trafikoa arintzeko
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Binke
Maiatzaren 17an, datorren martitzenean, autobus geltoki aldaketa hasiko da Juan Bautista Uriarten markesina berriarekin. Horren ondorioz, kale nagusian bi geltoki bakarrik egongo dira norabide bakoitzean hemendik aurrera.
Juan Bautista Uriarte kaleko bi geltoki batuko ditu Galdakaoko Udalak, «gehiegizko geldialdiak saihestu, eta trafikoa arintzeko» helburuarekin. Gorako noranzkoan bi geraleku daude, eta beherakoan hiru egon dira orain arte, baina maiatzaren 17tik aurrera bina izango dira noranzko bakoitzean.
Horretarako, kale nagusiko 37. zenbakian —Laboral Kutxaren parean— eta 7. zenbakian —Galdakanés tabernaren parean— dauden geralekuak aldatuko dituzte eta 27. zenbakian —Rasel ileapandegia eta Guuk dendaren parean— jartzen ari diren markesinan batuko dituzte.
Udalak aurretik zuen aztertua egoera, eta «Juan Bautista Uriarte kaleak autobusen joan-etorri asko» izan arren «Bilborako norazkoan ere nahikoa dira bi geltoki, kontrako norabidean bezala» iragarri du. Bizkaiko Foru Aldundiari Bizkaibusen berrantolaketaren proposamena erakutsi eta ados aurkeztu zen, ondorioz, datorren martitzenean hasiko da aldaketa.
Galdakaoko Udalak hurrengo mezua iragarri nahi izan du lan eta aldaketen harira: «Seinale eta margotzeen egokitzapenak pixkanaka egingo dira. Lehenengo egun horietan sor litezkeen endredoak ulertuko dituztelakoan, eskerrak eman nahi dizkie Udalak erabiltzaileei».