
Auzo Taxiaren oinarriak onartu zituen atzo udalbatzak, eta maiatzean jarriko da martxan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko udalbatzak otsaileko osoko bilkura egin zuen atzo, otsailak 27, eta honetan, besteak beste, Auzo Taxiaren proiektuaren oinarriak onartu zituen. Hogei zonaldetako herritarrei emango die zerbitzu eta maiatza aldera martxan jartzea aurreikusi du Udalak.
Galdakaoko Udalak eguaztenean aurkeztu zuen auzoetan bizi diren eta egoera zaurgarrian dauden pertsonen mugikortasuna errazteko proiektu berria: Auzo Taxia. Honen bitartez, taxiz mugitzeko dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte herriko hogei eremutan bizi diren 65 urtetik gorako pertsonek, desgaitasun bat dutenek eta mugikortasun arazoak dituztenek.
Zehazki, Agirre, Aperribai, Artola, Altamira, Azkarri, Aizpuru, Bekea, Elexalde, Erletxe, Goikoetxe, Gumuzio, Jugo, La Troka, Kortederra, Olabarri, Olabarrieta, Padrola, Txistulanda, Upo Mendi eta Usargoiti auzoetan erroldatuta dauen pertsonek erabili izan ahalko dute zerbitzua; betiere kolektibo hauetako batekoak badira: 65 urtetik gorakoak, 33% edo gehiagoko desgaitasuna dutenak, edo mugikortasun iraunkorrak dituztenak.
Bi baldintza hauek betetzen dituztenek dirulaguntza eskatu ahal izango dute taxiz mugitzeko, eta BINKEk jaso zuen moduan, funtzionamendua honakoa izango da: 20 euro ordaindu beharko dute eta trukean 10 bidaiko bonua emango zaie.
Baldintza hauek eta proiektuaren oinarri guztiak atzo, otsailak 27, onartu zituen Galdakaoko udalbatzak osoko bilkuran, EH Bildu, UH, Auzoak eta PSEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin; eta honen ostean, maiatza aldera martxan jartzea aurreikusi du Udalak.
Auzo Taxiaz gain, beste hainbat gairen inguruan eztabaidatu zituen udalbatzak atzo, eta hainbat erabaki hartu ere. Galdakaoko parkeak, lorategiak, zuhaitzak, jardinerak eta gainerako berdeguneak kontserbatzeko eta mantentze integralerako zerbitzuaren kontratua esleitzea aho batez onartu zuten alderdiek. Lizitazio prozesua amaituta, Samos Gaimaz Mendibil ABEEa gailendu da lehian, eta talde horrek lortu du lau urterako kontratua. «Zerbitzua nabarmen hobetzeko neurriak ezarri dira eskaintza egiterakoan, eta auzoetako lorezaintza bereziki zainduko da», adierazi du Udalak.
Galdakaoko merkatari eta ostalarien elkarteentzako laguntzen oinarri arautzaileen hasierako onarpenari bide eman zitzaion ere osoko bilkuran, talde guztien babesarekin. Halaber, kirol arloari dagozkion diru laguntza batzuk emateko oinarriak ere onartu ziren, zehazki eskola kirolari dagozkionak.
Bestalde, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga eta hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga Bizkaiko Foru Aldundiak egindako aldaketetara egokitzea onartu da, aho batez.