Auzotik Galdakao proiektuko lehen kontseiluetarako izena emateko epea zabalik dago
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Auzotik Galdakao parte-hartze proiektuaren barruan udalerriko lehen lurralde kontseiluak eratzear dira: Aperribaikoa eta Urretakoa. Hauetan parte hartzeko izen ematea zabalik dago apirilaren 19ra arte.
Galdakaoko auzoen egoera hobetzen jarraitzeko asmoz, Udalak ‘Auzotik Galdakao’ proiektua jarri zuen martxan iazko azaroan. Egitasmoa bi eremutan abiatu zen eta duela aste batzuk herri osora zabaldu dela iragarri zuen Udalak.
Hasieratik martxan izan diren eremuak Aperribai eta Urreta inguruak dira eta hauetan lurralde kontseiluak eratzear dira. Bi eremu hauetan sortuko diren kontseiluak herritar zein gizarte eragileen eta Udalaren arteko elkarrizketarako eta auzoak hobetzeko proposamenen inguruan lan egiteko espazioak dira.
Kontseiluek ordezkaritza instituzionala (politikoa eta teknikoa) eta herritarren ordezkaritza izango dute. Herritarren ordezkaritza kontseiluan eskubide osoko kide gisa parte hartzeko interesa agertzen duten pertsona eta erakundeen artean aukeratuko da.
Hori dela eta, apirilaren 19ra arte epea ireki da pertsona eta erakunde interesdunek parte hartzeko eskaera egin dezaten erabaki.galdakao.eus plataforman eskuragarri dagoen formularioa betez. Parte-hartze eta Gardentasun Arloarekin harremanetan jartzeko aukera izango da ere 688830479 zenbakian, eta hor ere eskabideak jaso ahal izango dira.
Kontseiluko kide kopurua mugatua denez, bi kontseiluak eratzeko bilkura baino lehen, apirilaren 23an, bilera bat egingo da kide izateko eskatu duten pertsona guztiekin, «hautaketa auzoen ordezkaritzari eta genero parekotasunari begira egiteko».