Bidegorriaren aldeko bosgarren martxa antolatu zuten zapatuan
Mugikortasuna
BINKE / 2022ko otsaila
Bidegorriaren aldeko bosgarren martxa antolatu zuten zapatuan
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Biziz bizi taldea
Bilbotik Galdakaorako bosgarren martxa antolatu zuten Biziz Bizi taldekoek zapatuan, otsailaren 26an, hiriaren eta herriaren arteko bidegorria exijitzeko.
Udalerrien arteko bide seguru bat» exijitzen duen ekimena antolatzen duten Biziz Biziko taldeko kideek, hamaika kilometroko martxa antolatu zuten zapatuan Bilbotik Galdakaora. Ekimenean 50 txirrindulari baino gehiago batu ziren bizikleta eta oinezkoentzako konponbidea eskatzeko, beste behin.
Urteko bigarren martxa honetan ere, bidegorria «Nerbioi eta Ibaizabaletik premiazkoa» dela erreklamatu dute eta erakundeei «agindutakoa betetzea» eskatu diete. Galdakao eta Bilbo batuko dituen bidegorri baten plana 2003tik dagoela salatu dute antolatzaileek, eta «19 urteren ostean ezer egin ez denez», bizikleta martxa hauek hilabetero antolatuko dituzte azken zapatuetan.
Otsaileko martxa honetan, urtarrilekoan bezala, ibilbidea aldatu dute, Etxebarritik eta Basauritik ere igaro daiten. Horrela ba, Bilbon 11:00etan hasi, Basauritik pasa eta Etxebarri igaro ostean 12:30 aldera iritsi zen zapatuan martxa Kurtzeko plaza galdakoztarrera, herritik berriro hiriburura buelta egin eta Bilbora 14:00etan iristeko. Urte honetako martxetan ibilbide hau mantenduko dela baieztatu dute Biziz Bizi taldekoek.