Bilbotik Galdakaorako bidegorriaren aldeko XI. martxa bihar izango da
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Biziz Bizi elkartea
Bihar, urriak 29, Bidegorria Galdakaora Orain ekimenaren XI. martxa antolatuko da eta antolatzaileek politiariek «zarata gehiago» egiten duten beste ekintza batzuei lehentasuna ematea salatu dute.
Muga garrantzitsua igaro dutela diote Biziz Bizi taldekoek, jada lehenengo hamar martxak egin dituztelako. Bihar, urriak 29, 11:00etan elkartuko dira Bizkaiko Foru Aldundiaren parean, Gran Via 25 zenbakian, XI. ibilaldia egiteko. Dagoeneko ohi den bezala, Basauritik igaroko dira, gero Etxebarritik eta 12:30 aldera Galdakaoko Kurtzeko plazara helduko dira. Ondoren, bide berdinetik Bilborako bidea hartuko dute berriro herritik hiriburura bueltatzeko eta 14:00etan hirira heltzeko.
«Klimatologiak ez gaitu kikiltzen» diote txirrindulariek, eta parte hartzaile kopurua txikiagoa izan arren —ume txikiena batez ere—, hilabetero azken zapatuan martxa egiten jarraituko dute, helburua «errealitate bihurtzeko».
Biziz Biziko antolatzaileek politikariek hartzen duten jarrera salatu nahi izan dute; hauteskundeak iristear daudela, «boterean jarraitzeko helburuarekin» herrian «zarata gehiago» sortzen duten beste ekintza batzuei lehentasuna ematea nahiago dutela kritikatu du taldeak.