Bilbotik Galdakaorako bidegorriaren aldeko XXIII. martxa bihar izango da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Biziz Bizi elkartea
Bihar, abenduak 30, Biziz Bizi elkarteak Bidegorria Galdakaora Orain ekimenaren XXIII. martxa antolatuko du, Bilbo eta Galdakao batzen dituen bidegorria eskatzeko. Urteko azken ibilbidea 11:00etan hasiko da hilero moduan, hiriko Bizkaiko Foru Aldundiaren eraikinetik.
Biziz Bizi elkarteak Bilbo eta Galdakao batzen dituen bidegorria eskatzen jarraitzen du urteko azken hilabete honetan. Orain arte hainbat martxa antolatu dituzte eta bihar, abenduak 30, berriz egingo dute bi herriak batzen dituen ibilbidea.
Bidegorria Galdakaora Orain ekimenaren XXIII. martxa 11:00etan irtengo da Bilboko Foru Aldundiaren eraikinetik (Gran Vía kalea, 25), hilero egiten duten moduan.
Etxebarri eta Basauritik igaroko dira, eta azkenik Galdakaora helduko dira, ohi den bezala.
«Imanol Pradales jaunak, alde egingo du Aldunditik laster. Umezurtz samar geratuko gara, orain mugikortasun iraunkorrarekiko nolabaiteko sintoniarekin ikusten genuenean. Ez legoke gaizki Olentzeroren erara, Galdakaora bidegorria bideratuta uztea», adierazi dute elkartetik.