Desagertutako gizonaren bila joateko deia egin diete herritarrei
Desagerpena
BINKE / 2021eko abendua
Desagertutako gizonaren bila joateko deia egin diete herritarrei
TESTUA: Jon Gomez Garai
IRUDIAK: Ertzaintza, SOS Deiak eta Gurutze Gorria
19:30etako eguneraketa, beherago
Belategi auzoan atzo desagertu zen 90 urteko galdakoztarraren bila jarraitzen dute gaur oraindik, baita helikopteroz ere. Hemen batu ditu Binkek larrialdi zerbitzuek igotako hainbat irudi, baita Ertzaintzak helikopterotik grabatutako bideoa ere.
Larrialdi eta ezbeharren berri ematen duen Vost Euskadik José Moisés Polo galdakoztarraren desagerpena iragarri eta minutu gutxira jakinarazi zien Binkek bere irakurleei 90 urteko gizonaren kasua. Belategi inguruan desagertu zen atzo, azaroak 30, bisera urdina, jaka marroia eta praka beltzak jantzita zituela. Gizonak 1,67 metroko garaiera du eta 79 kiloko pisua.
Bere bila aritu dira larrialdi zerbitzuak goizalde osoan, eta gaur eguerdian oraindik jakinarazi dute bere bila jarraitzen dutela, helikoptero eta guzti. Zeregin horretan ari dira elkarlanean Ertzaintza, Gurutze Gorria, DYA eta Galdakaoko Udaltzaingoa. Horren adibide dira euren Twitter kontuetatik jaso ditugun irudi hauek, Ertzaintzako erreskate taldearen bideoa barne.
Usargoiti, Belategi eta Urretatik iparralderuntz ari dira bere bila, eta kontrol-postua ere ezarri dute anbulatorioaren parean. Inork Poloren inguruko berririk balu, 112 telefonora hots egiteko deia egin dute larrialdi zerbitzuetatik.
19:30 EGUNERAKETA
Gainera, senideen lagunek bere bila joateko deia egin diete herritarrei. Horretarako bihar, abenduak 2 eguena, goizeko 08:30ean geratuko dira Urretako anbulatorioaren pare dagoen kontrol-postuan. Bertan jarriko dira aurkeztuko diren herritar guztiak larrialdi zerbitzuen aginduetara.