«Doan? Bai zera!», Kepa Urrutikoetxea
Kepa Urrutikoetxea Arrieta
BINKE / 2017ko azaroa
Doan? Bai zera!
Zine zuzendari batek esaten zuen kultura doan beharko litzatekeela esaten zioten bakoitzean diru bila jartzen zela.
Bada, kirolean berdin: hemen ezer ez da doan!
Guztia dator kalean ikusi dudalako «Hazte socio» dioen kirol talde baten afixa bat (ez gara hizkuntzarenean oraingoan sartuko). «Egin zaitez Adiskide bazkide» ere ikusi dut hortik.
Honek esan nahi du kurtso hasierarako kirol-jendea urduri dagoela. Helburuak jarrita daude, bidea da arazoa eta autopista honetako bidesaria garestia da.
Egia esan kirol munduko jendearena beste errota bateko irina da. Bere ordu libreetan, musu-truk (sarri trukean inolako musurik gabe) lan eta lan egiten du, krisi garaiari aurre eginez subentzioa nahiko ez baina herritarrak zuritu nahi ez dituela, kirola eta kirolariak herrian bultzatu nahirik. Herriko kirolarien GKE.
Baina bada zerbait kirol arduraduna elikatzen duena: bere ekintzetan jendea egotea, harmailak beterik ikustea, jendea erruz ibiltzea eta, noski, bazkide asko izatea. Horrek asebetetzen du, horrek harrotzen du, horrek uzten du pozik eta musu-truk lanean jarraitzeko adorea ematen dio.
Beraz egin zaitez bazkide-edo… Ah! Eta jakina, zerbait doan denean produktua zu zeu zara!