Sormene
BINKE / 2020ko abendua

Doinu ilunenak Hilotz taldeak ekarri ditu Sormenera gaur, «Aske» lana aurkeztuz

TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai

Doinu ilun, distortsio eta ahots urratuez beteriko kontzertua eskaini du Hilotzek. Lasarten jaio zen musika talde honek, etenaldi luze baten ondoren, lan berria aurkeztu du: «Aske». Aretoa sutan jarri du oihu eta garrasi artean.

Mikel Yarzak, Pablo Cabasesek eta Etxahun Urkizuk osatzen dute Hilotz. Taldea 2009ko urte amaieran sortu zuten Lasarteko lau lagunek, eta hasiera batean talde ezagunen bertsioak jotzeko elkartu ziren. Denborak aurrera egin ahala, haien kanta propioak sortzen hasi eta honela, 2012an haien lehen lana kaleratu zuten, «Hil ala bizi». Maketa hau Legazpiko Subeltza estudioan grabatu zuten, garai hartan Switch taldeko gitarrajolea zen Ander Zubillagaren laguntzarekin.

Lehen lan honek harrera ona izan zuen, bai Euskal Herrian eta baita espainiar estatu mailan ere, espero ez zuten oihartzuna izan zuten haien zorionerako. Taldearen formatuan gora-behera batzuk izan arren, kontzertu mordoa eskaini zuten Euskal Herrian zehar, eta Su Ta Gar, Angelus Apatrida edo Crisix bezalako talde ezagunekin jotzeko aukera izan zuten. Gainera, Villa de Bilbao edo Wacken Metal Battle bezalako lehiaketetan parte hartu, eta bi hauetan final aurrekoetara iritsi ere. Egun, Hilotz thrash metal iluna jorratzen duen hirukotea da, eta azken urteetan zehar «Giza Ankerkeria» haien bigarren lana aurkezten ibili eta gero, geldialdi luze baten ondoren berriz ere itzuli dira «Aske» lanarekin.

Gaur Sormenen doinu ilunak eta bortitzak izan dira nagusi, garrasiak eta ulertzeko errazak ez ziren hitzak tarteka. Sanpleak erabili dituzte ere bai, eta bateriak bi bonbo desberdinekin lagundu du erritmoa, distortsioaren eta melodia ilunen artean. Ahots urratuak, heavy metalen kutxua emanez horren ezaguna dugun Ohorezko Agurra dantzaren bertsio bat, eta abestien artean hainbat aldarri. Konfinamenduan zehar eta ondoren entsaiatzeko aukera gutxi izan dutela nabarmendu dute, baina orokorrean egindako lanarekin oso pozik daudela, eta etorriko diren kontzertuen zain gogotsu daudela ere adierazi du hirukoteak.

Rock eta soinu gogorrekin jarraituz, Basauriko Raust! taldeak kontzertua eskainiko du hurrengo, eta ondotik etorriko da Ro. Arratsalde luzea dugu oraindik, ikuskizunez beterikoa, eta rock soinuen ostean beste bi emanaldi ere egongo dira: ipuin kontaketa bat eta dantza erakustaldi bat. Gogoratu hauen zuzenekoak jarraitzeko aukera dagoela Binkeren atarian.