
Downhill eta Enduro txirrindularitza txapelketak lehiatuko dira asteburuan Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Aire Norte MTB
Domekan, otsailak 23, Downhill eta Enduro bizikleta diziplinetako txapelketak antolatuko dira Galdakaon. Ibilbidea Elorritxuetako errepidetik Arantzelaiko presaraino joango da eta zapatuan entrenamenduak ikusteko aukera izango dute herritarrek.
Asteburuan «adrenalina eta emozioa» bizitzeko aukera izango da Galdakaon. Domekan, otsailak 23, Downhill eta Enduro bizikleta diziplinetako txapelketak antolatuko dira eta aurreko egunean, zapatuan, entrenamenduak ikusteko aukera izango dute herritarrek.
Zapatuan entrenamendu libreak egingo dira 09:30etik 18:00etara eta domekan aldiz txapelketa 08:30ean hasiko da. Lehen txanda 10:00etan izango de eta bigarrena 12:00etan.
Ibilbidea Elorritxueta edo Vivero errepidearen inguruan hasiko da, Ergoien auzoaren goiko zatia zeharkatuko du eta, Arantzelai Bidetik jarraituz, presan bukatuko da.
Entrenamenduetan eta lasterketetan parte hartzen dutenentzat erremonte zerbitzua egongo da, hala nola hornidura gunea, txanda bakoitza ireki eta ixteko antolaketa langileak, eta seinaleak, oinezkoak zirkuitura sar ez daitezen. «Izan ere, jarduera honen helburua lehiakideentzat, ikusleentzat eta naturarentzat seguruak diren espazioetan kirola egitea sustatzea da», azaldu dute Udaletik.