Dozenaka lagun batu ziren Galdakaoko etxegabetze bi salatzeko
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Banco Santanderrek eta Kutxabankek Galdakaon adinez txikiko hiru haur dituen ama gazte bat eta 67 urteko pentsiodun bat etxegabetu nahi dituztela salatzeko dozenaka lagun batu ziren atzo. Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak «herria defendatu» behar dela aldarrikatu zuen.
Galdakaon familia bi etxetik kaleratzeko arriskuan daudela salatzeko dozenaka lagun batu ziren atzo Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak deitutako elkarretaratzean. Zehazki, Banco Santanderrek eta Kutxabankek adinez txikiko hiru haur dituen ama gazte bat eta 67 urteko pentsiodun bat etxegabetu nahi dituztela salatzen dute eta horren aurrean «herria defendatu behar da».
Etxegabetzeak «egoera erabat zaurgarrian» dauden galdakoztar biren aurka gauzatu nahi dituztela azaltzen du Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak. Horietariko bat 33 urteko emakume bat eta bere hiru seme-alabak dira, 4 eta 8 urte bitartekoak. Sindikatuak kaleratzea ekidiko lukeen alokairu sozialaren inguruan proposamenak helarazi zizkion Cerberus eta Banco Santanderri, baina ezezkoa eman zieten.
Beste galdakoztarra Patxi da, 67 urteko pentsioduna. Erretiroa hartu berri, bere familiaren etxea erosi nahi zuen eta horretarako mailegua eskatu zuen Kutxabanken, baina pandemia tarteko orain ezin dio maileguaren ordainketari aurre egin.
Egoera ezagutzera eman zenean honen berri eman zuen Binkek.