EAJk Galdakaoko Bonodenda kanpainaren data aldatzea eskatu dio Udal Gobernuari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bulevar Sur
Galdakaoko Bonodenda kanpainaren edizio berri bat jarriko da martxan urriaren 23an eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskadi Bonodenda ekimena berriz azaroaren 8an. «Kanpainen eraginkortasuna eta eragin positiboa hobetzeko asmoz», Galdakaoko kanpainaren data aldatzea eskatu dio EAJ-PNVk Udalari.
Galdakaoko Udalak, Gu Dendari elkartearekin elkarlanean, Bonodenda kanpainaren edizio berri bat jarriko du martxan urriaren 23an. Helburua udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorean erosketa sustatzea da.
Egun batzuk beranduago, azaroaren 8an, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Euskadi Bonodenda kanpaina hasiko da helburu berdinarekin.
Galdakaoko EAJ-PNVk adierazi duenez, «gertaera hori kaltegarria da tokiko merkataritza sarearentzat eta antzeko kanpainak denbora-tarte berean pilatzen baititu». Horregatik, «herriko merkataritzan mota honetako kanpainen eraginkortasuna eta eragin positiboa hobetzeko asmoz», Udalak antolatzen duen kanpainaren data aldatzea eskatu du.
«Tokiko merkataritzak garrantzi handia du udalerriko eragile ekonomiko eta sozial gisa, eta mota honetako kanpainek helburu bikoitza dute: batetik, Galdakaon erosketak bultzatzea eta, bestetik, auzokideei eta bisitariei onura bat eskaintzea erosketetan aurrezki zuzenarekin», azaldu dute jeltzaleek.
Bestalde, EAJ-PNVk proposamen bat egin dio Udalari: bonoak online dendetan erostea eta erregistratzea, «ilara luzeak eta itxaronaldiak saihestuz, horrela kanpaina hau arrakastatsua izan dadin urrats eraginkorrak emanez».