Ekonomia
BINKE / 2021eko martxoa

Egun osoko greba egiten ari da gaur Maxameko langileen gehiengoa

TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai

Maxam taldea berregituratzea diseinatzen ari da eta plan honek Galdakaoko lantegiko langileen %25ari eragin diezaiokela uste du sindikatuen gehiengoak. Horregatik, gaurko egun osoko greba eta hilaren 17 eta 24rako lanuzteak deitu dituzte.

Lehergaien fabrika ezaguna langileen berregituratzea egiten ari da Maxam talde osoan, eta plan horrek Galdakaoko lantegiari ere eragingo diola sumatzen dute bertako langileen gehiengoak. Horren aurrean, CCOO eta UGT sindikatu nagusiek 24 orduko greba deitu dute gaurko, eta goizean goizetik kontzentrazio-txandak egiten ari dira Zuhatzun egun osoz.

Galdakaoko Maxam enpresan 420 pertsona inguru ari dira lanean, eta «berregituratze honek plantillaren %25ari eragin diezaiokela kalkulatzen dogu, 100 langile ingururi», esan dio bertako langile batek Binkeri, «baina ezin dogu ezer zehatzik esan, zuzendaritzak ez deuskulako ezer konfirmatzen». Hala ere, berregituraketa honek Galdakaoko langileei eragin eragingo diela ziurtatu dute grebaren sindikatu deitzaileek.

Ustezko kaleratze horien aurrean, «bertako pertsonei kalterik gutxiena eragitea eskatzen deutsagu zuzendaritzari, langile bakotxaren adina eta egoera kontuan hartuta», azpimarratu du greban dagoen langile honek.

ELA eta SIX sindikatuak. Gaurko 24 orduko grebaren ostetik beste bi lanuzte izango dira hilaren 17 eta 24an, hauek ere CCOO eta UGT sindikatuek deituta.

Aldiz, Maxam lantegiko langileen artean ordezkaritza txikiagoa duten ELA eta SIX sindikatuak ere badaude, baina hauek ez dute gaurko grebarekin bat egin. Nahiz eta egoera larria dela onartu eta zerbait egin beharra ere aldarrikatu, ELA eta SIX sindikatuek diote «gauzak arin, langileen iritzia entzun barik eta gugaz kontatu barik» egin dutela gaurko greba deialdia CCOO eta UGTk.

Bloke bi sortu dira egoera honen aurrean. Binkerekin berba egin duen langilea ez omen dago, bere esanetan, «ez sindikatuen bloke batean ez bestean», eta egoera honen aurrean dio «pena bat» dela horrela ibili behar izatea, «kaleratzeek alde bateko, besteko, goiko zein beheko pertsonei eragingo deutsielako». Honen aurrean, sindikatu nagusiei txikiak kontuan hartzeko eskatu die langile honek, eta grebarekin bat egin ez duten sindikatuei atzera egin eta mobilizazioekin bat egin dezaten eskatu.

Ertzaintza ere gerturatu da mobilizazioetara, oihu artean lanera sartu edo lanetik irtetzen ziren langileak babesteko, baina ez da aparteko liskarrik gertatu.