Erretratuak
Jose Inazio Basterretxea Polo
BINKE / 2020ko azaroa

Eguzki-izpi bat, mesedez

Zeure burua ere ikusiko zenduan inoiz honetan: tapaki bat jaso, eta haren azpian zedozer gordetzen. Inoiz, jolas hutsagatik egin dogu hori. Inoiz, beste batek horretara estututa, eta gaiztakeria eskasa izan da gerizpetara sartzea agirian beharko leukena. Zaharrak, gure etxeko zaharrak, ostonduta dagoz ilunpetan, alfonbra azpietan… eta ez eurek berenberegi erabagita.

Aspalditxoan, normal-normal ikusi eitekeazan edadez aurrera joandakoak han-hemen, tirriki-tarraka, edo gurpil-gurditxoan. Hurrean zaintzaile profesionala, edo etxekoa, edo laguna. Baina, gaur…

Latza da 2020. urtea egoitzetan. Ondo asko azaleratu ditu izurriteak gure erkidegoaren hainbat kontraesan: ezbaian jarri da gizarte-ongizatearen ituna, eta aho-sabaia sikatu deuskue hainbat zentrotako estatistikek.

Orain, bigarren olatuaren erdian, aizaroetan gordetzeko manamendua etorri da barriro. Hara hor zaharrak, ostera ere, kaleko erreferente normalizatu barik, lau horma artean gordeta… ez umerik, ez autorik, ez orbelik, ez haizerik, ezta eguzki-izpirik ere.

Gero eta gehiago bizi garela esaten da. Zientziak eta teknologiak ahalbidetu deuskue urratsa luzatzea. Danok egiten dogu adinez aurrera: bizitzaren legea da gazte izatea moduan, bihar-etzi… gaur… edadekoa izatea. Edozelan ere, iraute hutsa ez da bizitzea.

Ez da erreza definitzeko osasunaren eta bizitzaren arteko lehentasunen lerroa, ez. Baina, lau horma itxi eta alfonbra azpia ez dira zaharren zainketarako baliabide, ez mediku, ez gizalegezko.

Hamarretan etxean egon behar bada ere, eguzki-errainu bat, mesedez.