Eguzkibegi Ikastolako 1973ko kintoak batu ziren zapatuan, DJ eta trikitilarien konpainian
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Antolatzaileek Binkeri bidalitakoa
Aurten 50 urte bete edo beteko dituzten belaunaldiko Eguzkibegi Ikastolako ikaskide ohiak batu ziren zapatuan Galdakaon, egun osoko plan politarekin. Eurekin berba egin du BINKEk, kontatu zigutena irakurri gura?
Berrogeita hamar urte betetzea ospakizun borobila da oharkabean igarotzen uzteko. Eta horren jakitun, aurten 50 urte bete edo beteko dituzten Eguzkibegi Ikastolako ikasle ohiak aspaldiko partez elkartu ziren zapatuan Galdakaon.
Guztiak dira 1973. urtean jaiotakoak, Zabalea auzoan zegoen «ikastola zaharrean hasitakoak eta bost-sei urte inguru genituenean gaur egungo ikastola barrira joandakoak», kontatu diote BINKEri. Guztira 30 lagun inguru batu zirela adierazi dute: «Kopuru polita da hori guretzako, ikastolan amaitu gendunean oraindik telefono mugikorrik gabe urten gendulako handik, eta herritik kanpo bizi diranakaz harremana barriro egitea zaila izan da». Sare sozialen bidez lortu dute herritik aspaldi alde egindakoekin harremana.
Eguerdian Iturrondo plazako tabernetan geratu ziren, «danok praka bakero eta kamiseta edo alkandora zuriakaz, egun horretarako propio egin genduazan zapiak janzteko gero!», gogoratu dute. Poteoa Kurtzeatik egin zuten Zornotzako trikitilari gazte batzuen konpainian, eta 15:00 aldera oinez jaitsi ziren Zuhatzu auzoko Petit Komité jatetxera. Iraragorri familia galdakoztarraren jatetxearen atzeko aldeko karpan bazkaldu zuten, eta bazkalostea DJ batek alaitu zuen, «atzoko eta gaurko kantuak gogoratzeko».
Emozioz gogoratzen dute partaideek eguna: «Polita izan zan gutako asko barriro alkartzea». Eta bereziki eguneko puntu bi azpimarratzen dizkiote ikasle ohiek BINKEri: lehena, Itziar Barrenetxea euren irakasle urte luzez izandakoarekin elkartu izana —argazkian ere ageri da, erdian— eta bigarrena, Gipuzkoa aldean zein Valentzian bizi diren ikaskide ohiak egun horretarako etorri izana.