EHUko 55 ikasle Binke aztertzen ari dira Lan Harremanen Fakultatean
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Euskal Herriko Unibertsitatea
Elkarlanerako ekimena adostu dute EHUk eta Binkek, «Zuzendaritza estrategikoa» irakasgaiko ikasleek hedabide honi buruzko Plan Estrategikoak diseinatu ditzaten. Lanari ekin aurretik, proiektuari buruzko azalpen sakonak emateko eta ikasleen zalantzak argitzeko EHUra gerturatu zen Binkeko koordinatzailea.
EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko kideekin elkarlanerako ekimen bat adostu du Binkek. Horiek horrela, unibertsitate ikastetxe honetan laugarren ikasturtean irakasten den «Enpresa Kudeaketa III: Zuzendaritza estrategikoa» irakasgaia egiten dabiltzan ikasleek Binke kasuari buruzko hausnarketa sakona egiteko aukera izango dute. Bederatzi lan-taldetan banatuta dauden 55 ikasle dira ibilbide honetan parte hartuko dutenak, urtarriletik maiatzara bitartean.
Baina lanari ekin aurretik, EHUra gerturatu zen otsailaren 1ean Binkeko koordinatzaile den Jon Gomez Garai, ikasleek aurretik proiektu honen inguruko datu batzuk bazituzten ere, hedabide honen sorreraren eta egungo egoeraren berri sakonago jasotzeko. Euskal Herri osoko eta kanpoko ikasleak ditu irakasgai honek, eta horregatik Galdakaoren eta Usansoloren egoera soziolinguistikoa, merkatuaren konpetentzia, Binkeren aurrekontuak eta bestelako nondik-norakoak ikasleei azaltzea beharrezko ikusten zuen unibertsitateak.
Ikasleek adi jarraitu zituzten Binkeko ordezkariaren azalpenak, bai presentzialki zein birtualki ere, eta zalantza mordoa argitu zituzten bi orduko saioan.
Irakasgai honetan, ikasketa-eredu kolaboratiboan oinarritutako metodologia erabiltzen dute irakasleek. Egoera erreal bat ezagututa, lan-talde egonkorretan jardunean eta zuzendaritza estrategikoaren metodologia erabiliz, ikasleak Plan Estrategiko proposamenak prestatzera bideratzen dira. Plan Estrategiko horiek beraz, taldeka antolatuta, Binkerentzat bideratuta egongo dira.
Ondorioz, ikasleek aukera emango diote Binkeri ikuspegi zabalagoak ezagutzeko, bereziki, gazte jendeak proiektu hau zelan somatzen duen jakiteko, lan-ikuspegitik proposamen berriak egiteko eta, zergatik ez, Binkeren etorkizunera begira argi-izpiak ere eskaintzeko.
Esperientzia honen arduradunak Izaskun Rekalde eta Eneka Albizu irakasleak dira. Eta maiatzean egingo dituzte ikasleek irakasle hauen aurrean lau hilabete hauetan landutako Plan Estrategikoen aurkezpenak, bai euskarako zein gaztelaniako taldeek, eta aurkezpen horien lekuko izango da Binke, EHUk gonbidatuta.